CANi buruzko ikerketa batzordea eratu edo ez eztabaidatuko du Parlamentuko osoko bilkurak
Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak beste behin eztabaidatuko du Caja Navarrari buruzko ikerketa batzorde bat eratu edo ez. Botazioaren zentzua aldatzeko aukera duen PSNk, ezezko jarrera agertu du, UPNk egin bezala, ikerketa epaitegietan burutzen ari dela argudiatuta.
Parlamentu nafarreko bozeramaleen batzordeak asteroko batzarra egin du goizean eta, bertan Bildu, Aralar-NaBai, I-E, eta Geroa Bai alderdiek aurkeztutako eskaerari baiezkoa eman diote, osoko bilkurak CANi buruzko ikerketa batzordea sortu edo ez eztabaidatu dezan.
Ekimenak zehazten duenez, ikerketa batzorde horren zeregina izango litzateke argitzea zeintzuk izan diren egungo egoera eragiteko Caja Navarrako administrazio kontseiluko arduradunek eta zuzendaritzako kideek hartutako erabakiak. Era berean, prozesu guztian zehar izandako gehiegikeriak eta ardura politikoak identifikatzeko xedea du.
Talde guztiek duela hilabete batzuk defendatutako jarrera berberak mahaigaineratu dituzte. PSNk salbu, oposizio guztiak ikusten du batzordea sortzeko beharra.
Hala eta guztiz ere, Roberto Jimenez buru duen alderdiak UPNren planteamenduekin bat egin eta afera epaileen esku dagoela argudiatuta, ezezkoaren alde egin dezakeela iragarri du.