INFO

Lurralde Elkargoaren eskakizuna entzungo da Baionako karriketan

Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta ekonomiko andanaren eta hautetsien gehiengoaren babesa lortuta, Lurralde Elkargo Bereziaren eskaera Baionan islatuko da gaur, 17.00etatik goiti. Mobilizazioaren bezperetan, Manuel Valls Barne ministroak haserrea piztu du berriro ere, gai hori «gobernuaren gai-zerrendan ez dagoela» esan ostean.

Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioara deituz aste honetan egindako agerraldia. (Gaizka IROZ)

Lurralde Elkargo Bereziaren (LEB) proposamenarekin, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako berezko erakunde baten eskaerak inoiz ezagutu gabeko atxikimendua lortu du.

Apirilaren amaieran 500 bat eragile LEBaren alde agertu zirenetik, Lurralde Koordinazioak antolatu manifestazioak sostengu ugari bildu ditu. Horien artean, EH Bai, EA, EAJ-PNV, Ipar Euskal Herriko Berdeak, Ezker Antikapitalista, Autonomia Eraiki, Urruñako Herritarrak talde politikoak, Lurra eta Etxebizitza kolektiboa, ELB eta LAB sindikatuak, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, dozenaka Gaztetxe eta besta batzorde, EHZ, Euskaldun Gazteria, CADE, Bizi!, Kontseilua, Euskal Konfederazioa eta artista eta kultur munduko ehundik gora pertsonena.

Nabarmena da, baita ere, hautetsien artean deialdiak lortu duen atxikimendua. Hala, auzapezen bi herenek bat egin dute egitura bereziaren eskaerarekin, baina baita euskal diputatu eta senatari guztiek eta kontseilari nagusi eta eskualdeko kontseilari gehienek ere.

Guztiek urrats egokitzat eta premiazkotzat jotzen dute Ipar Euskal Herriko LEBa izatea, jarduten duten esparruetako erronkei aurre egiteko.

Vallsen hitzak

Jendetsua izatea espero duten mobilizazioaren atarian, polemika piztu du berriro ere Manuel Vallsek. Hedabideetan egindako adierazpen batzuetan «gai hori Pariseko gobernuaren agendan» ez dagoela esan zuen herenegun, Barne ministroak.

Hitz horiek hainbat erreakzio eragin dituzte, esaterako, Jean-Mixel Galant Garazi-Baigorriko herri elkargoko presidentearena. Bere ustez, gaurko manifestazioa «haustea beste helbururik ez dute». LBEa «sentsibilitate guztien gainetik dagoen eskakizuntzat» jota, adierazpenok pizgarritzat hartu ditu eta gaurko mobilizazioan «hautetsien gibelean herritar multzo handia» dagoela frogatzea espero du.