INFO

Euskal Herrian abian den konponbide prozesua oztopatu nahi dutela salatu du EH Bilduk

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta espetxean mantenduta Euskal Herrian abian den konponbide prozesua oztopatu nahi dutela salatu du EH Bilduk. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia «eskandalagarria eta politikoa» dela salatu du.

Pernando Barrena eta Unai Ziarreta, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta espetxean mantentzea «erabaki politikoa» eta «eskandalagarria» dela salatu du EH Bilduk.

Erabaki horrekin Euskal Herrian abian den konponbide prozesua oztopatu nahi dela iritzi dio koalizioak.

Auzia «%100ean politikoa» dela kritikatu dute, eta PP eta PSOEren «abal politikoa» duela gaineratu.

«Espainiar judikaturaren estamentu ezberdinak zelofan juridikoa jarri nahi izan arren, agerikoa da Estatu espainiarrak Euskal Herriko egoera berriarekiko duen jarrera islatzen duen erabaki politiko baten aurrean kokatzen garela berriro ere», azaldu dute.

«Euskal jendartearen bake eta konponbide agertokia zapuztu nahian» Estatu espainolak errepresioa eta salbuespen politikak aplikatzen jarraitzen duela gaitzetsi dute, baina bide horretan «oker» dabiltzala ohartarazi. 

«Hobe luke Alderdi Popularrak jarrera saboteatzaileak alboratu eta guztiok garaile izango garen agertoki baten aldeko jarrerari heltzea», azpimarratu du koalizio abertzaleak.