INFO

Ines del Rio presoaren jaioterrian, Tafallan, abiatu dute ‘Herritarron epaia’ ekimena

Tafallan, Estrasburgeko auzitegiaren azken epaiaren zain dagoen Ines del Rio presoaren jaioterrian, abiatu dute ‘Herritarron epaia’ ekimena. 197/2006 doktrina salatu asmo dute eta «Euskal Herrian bakeari aukera bat eman behar zaiola» eskatu dute. 80 herri zeharkatuko ditu ekimenak irailaren 14a arte.

Tafallan elkarlanean osatu duten lehen irudia. (HERRIRA)

Herrira mugimenduak Tafallan abiarazi du ‘herritarron epaia’ ekimena. 197/2006 doktrina salatu asmo dute eta irailaren 14a arte herritarren ekarpen grafikoak jasoko dituzte. 80 herri zeharkatuko dituzte eta Iruñeko Anaitasunan izango da amaiera ekitaldia.

Tafalla Ines del Rio presoaren jaioterria da. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren azken ebazpenaren zain dago Del Rio, hasiera batean berari aplikatutako 197/2006 doktrinagatik Espainiako Estatua zigortu zuen, helegitea behar du ebatzi orain.. Herriraren arabera «euskal jendarteak aspaldi eman du bere epaia, 197/2006 doktrina eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitu beharra dago bakera hurbilduko gaituzten urratsak eman ahal izateko».

Gaurko abiapuntuan espetxetik irteteko data jarrita zuten 70 presori «modu injustuan» espetxealdia luzatu dietela salatu du Herrirak. Irailaren 14ean Iruñeko Anaitasuna bete asmo du Herrirak ekimenaren amaiera gisa, mezu «argia» plazaratu nahi dute: «konponbidearen alde egiteko garaia da, aukera eman diezaiogun bakeari Euskal Herrian».