Pablo Gorostiaga pregoilari izendatzeko debekuaren aurkako helegitea aurkeztu du Laudiok
Pablo Gorostiaga preso dagoen Laudioko alkate ohia herriko jaietako pregoilari izendatzeko debekuaren aurkako helegitea aurkeztu du Udalak, Europa Press agentziak berri eman duenez.
Gasteizko epaile batek Pablo Gorostiaga Laudioko jaietako pregoilari izendatzeko debekua publiko egin zenean iragarri zutenez, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du herri horretako Udalak, Europa Press agentziak adierazi duenez.
Laudioko herritarrek hautatuta, Udalak iragan uztailean izendatu zuen egun preso dagoen Gorostiaga jaietako pregoilari.
Carlos Urquijo Gobernu espainolaren EAEko ordezkariak eskatuta, Estatuko Abokatuak izendapenaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta hura aintzat hartuta iritsi zen debekua.
Udalak hiru eguneko epea zuen alegazioak aurkezteko eta, orain, epailearen esku dago azalpenak aztertzea eta debekua kentzen edo mantentzen duen erabakitzea.