Konpartsen eta herritarren babesa jaso dute Artola txupinerak eta Aste Nagusiko jai ereduak
Bilboko Konpartsek deituta, ehunka lagun bildu dira Arriaga plazan, Aste Nagusiari eta jaietako ikonoei babesa agertzeko. Zentzu horretan, Jone Artolaren izendapenari jarritako traben bitartez jaietako «ezaugarririk maitatuenetakoa den txupinerari» eginiko «erasoa» gogor gaitzetsi dute.
Bilboko Arriaga plazan burututako elkarretaratze jendetsuan «mezu argi eta zuzena» adierazi nahi izan dute Bilboko Konpartsek: «utzi Aste Nagusia eta bere sinboloak, eta berau defenditzen duen jai eredu herritar eta parte hartzailearekin zerikusirik ez duten interesekin erabiltzeari».
Itziar Villafañez eta Iker Maia konpartsetako bozeramaleek euskaraz eta gazteleraz azaldu dutenez, «berriro ere ikusi dugu tamalez Aste Nagusiaren hasiera zapuztu nahi izan dutela, bere ezaugarririk maitatuenetakoa den txupinerari eraso eginez».
Bilboko jaietako ikono diren heinean, babesa agertu diete «errespetu guztia merezi duten» Jone Artola txupinerari zein Iraia Iturregi pregoilariari.
Jakinarazi dutenez, Bilboko Konpartsek ere, Udalak egin bezala, Jone Artolaren izendapenari ezarritako behin behineko debekuari alegazioak aurkeztuko dizkiote.
«Ikono hauetako bat erasotua den bakoitzean, Aste Nagusia bera eta Bilboko hiria bera, bertan parte hartzen eta disfrutatzen dugun herritar guztiok gara erasotuak», azpimarratu dute.
Azkenik, dei egin diote herritar orori «urte osoko lanaren eta errutinaren ostean merezitako jaiez goza dezaten, Aste Nagusiko ekitaldi guztietan normaltasunez esku hartuz». «Hori da jaiaren aurka dagoen jende horri denok gozatzen jarraitzeko prest gaudela erakusteko modurik onena».
Bertaratu diren ehunka lagunek, «txupinera, aurrera» edota «señor gobernador, usted es bobo» bezalako leloak oihukatu dituzte.