INFO

Herriraren kontrako operazioa «erokeriatzat» jo du Ernaik

Ernai gazte antolakundearen aburuz «erokeria galanta da» Guardia Zibilak Herriraren aurka egindako polizia operazioa eta EAJren jarrera salatu du «Ertzaintza herriaren aurka eta Guardia Zibilaren babes lanetan kokatu izanagatik».


Ernai gazte antolakundeak gogor kritikatu du Herriraren aurkako polizia operazioa eta «erokeria galanta» dela argudiatu du. Ildo horretan, Gobernu espainolaren jarrera salatu du. «Errezeta berarekin jarraitzea erabaki dute, herri hau kikildu eta errepresioaren bidetik anikilatzeko intentzio bakarrarekin. Horrelako gertaerek argi uzten dute mendekua dela Estatu espainiarra mugiarazten duen bakarra», esan du ohar bidez.

Halaber, EAJren jarrera ere kritikatu du gazte antolakundeak, «beste behin ere, Ertzaintza herriaren aurka eta Guardia Zibilaren babes lanetan kokatu izanagatik».

Datozen orduetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dio euskal gazteriari eta «herri gisa erantzuteko beharraz» ohartarazi du.