Makroepaiketen aurrean «indarrak biltzeko» deia egin du EH Bilduk
Aste honetan Madrilgo Audientzia Nazionalak abiatuko dituen bi makropaiketen aurrean, Euskal Herria Bildu koalizioak indarrak biltzeko deia egin die «bakea eta elkarbizitzaren alde» dauden herritarrei. Mobilizatzeko beharra ere nabarmendu dute.
Donostian eginiko agerraldi batean, EH Bilduko bozeramale Rebeka Ubera eta Amaia Agirresarobek gazte independentisten zein Batasunaren aurkako makroepaiketen hasiera salatu dute.
«Guztira, 80 euskal herritar auziperatuen aulkian. Zio eta helburu politiko argiak dituen epaiketa baten aurrean gaude, ‘dena ETA da’ estrategiaren baitan», azpimarratu dute.
Ubera eta Agirresaroberen aburuz, epaiketok, «bakearen eraikuntza eta normalizazio politikoa oztopatzeaz gain», euskal herritarron eta erakundeen eskubide zibil eta politikoak ukatzen dituzte.
«Denborak erakutsi digu ezer gutxi espero dezakegula Madrilgo Gobernu zein botere desberdinetatik, eta guk soilik eraikiko dugula Euskal Herritik, Euskal Herirarentzat guztion artean bakea eta elkarbizitza demokratikoa», gaineratu dute.
Hori dela-eta, bakea eta elkarbizitzaren alde daudenei dei egin diete, indarrak biltzeko, «pertsona guztien eskubideak errespetatuak eta bermatuak izateko».
Auziperatuei zein haien senideei elkartasuna adieraziz bukatu baino lehen, Euskal Herria Bilduk makroepaiketa hauen aurka deitutako mobilizazioei babesa agertu die.