INFO

Hamasei urtetik gorako 883 igeldotarrek izango dute igandean bozka emateko aukera

Datorren igandean egingo da Igendon desanexioari buruzko herri galdeketa eta 883 bizilagunek izango dute bozka emateko eskubidea. Horietako %10ek dagoeneko eman dute, posta bidezko botoaren bitartez.


Igandean egingo da Igeldon desanexioari buruzko herri galdeketa eta guztira hamasei urtetik gorako 883 bizilagunek izango dute bozka emateko eskubidea. Bozka-kutxa bakarra egongo da, Igeldoko kultur etxean, eta 09:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Nork bere bozka emango du; ez da egongo, hortaz, botoa delegatzeko aukerarik. Bozkatzera doanak ohiko identifikazio dokumentua aurkeztu beharko du bozkatzeko. Bozkatu aurretik zerrendan begiratuko da postaz bozkatu duen, hala balitz, zuzeneko bozka lehenetsiko da eta bozkatzeko aukera izango du posta bidezko botoa indargabetu ondoren.

Izan ere, postaz bozka emateko aukera ere baliatu da, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez. Azken epea, urriaren 31 izan zen, eta gaur gaurkoz, 85 lagunek eman dute bozka postaz, erroldaren %10ak.

Kontsulta mahaia eta begiraleak

Kontsulta mahaia eta begiraleak osatzeko bai Donostiako Udalari eta Bai Batzar Nagusiei gonbidapena bidali die Aldundiak, baita erakunde horien barneko talde politiko guztiei ere. Mahaiko lehendakari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria bera izango da;lehendakariordea, Igeldoko Herri Kontseiluko lehendakaria; eta, idazkari, Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Nagusiaren Alorreko idazkaria.

Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan ari den parte-hartzeko teknikari bat edo horren ordezkoa, eta Igeldoko Herri Kontseiluko ordezkari bat edo horren ordezkoa izango dira azken bi mahaiko partaideak.

Begiraleak, berriz, agertuko direla baieztatu dutenak, hurrengoak: Batzar Nagusietako Lehendakari Lohitzune Txarola eta batzarkide Idoia Ormazabal. Donostiako Udaleko ordezkarien artetik Javier Garcia, Lehendakaritzako zuzendaria; Amaia Agirreolea, Herri partaidetza ataleko arduraduna; Aitor Ibero, alkatzetzako Gabinete burua; eta Axier jaka, herri partaidetza zinegotzi-delegatua.

Kontaketari dagokionean, modu irekian egingo dela azaldu dute Aldundiko ordezkariek. Gauzak ondo joanda, 20:30etarako emaitzak ezagutzera emango direla jakinarazi dute.