INFO

Parisek hizkuntzei dagokienez bere hitza ez duela betetzen salatu du Seaskak Unescoren egoitzan

Seaskako ordezkariak Parisen izan dira gaur, Unescoren egoitzan, eta Parisek hizkuntza gutxituen irakaskuntza oztopatzen duela salatu dute, nahiz eta nazioarteko hainbat itun izenpetu dituen.

Seaskako ordezkariak, Unescoren egoitzan. (SEASKA)

Seaskako ordezkaritza bat Parisen izan da gaur, Unescoren 37. Konferentzia Nagusian. Paxkal Indo lehendakariak arratsaldean hartu du hitza eta Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen egoera deskribatzea egokitu zaio, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoaren izenean.

Hiru minutu besterik ez ditu izan egoera azaltzeko eta tarte labur horretan Estatu frantsesak lurralde hizkuntzen garapena oztopatzen duela salatu du. Parisek hizkuntza gutxituen aldeko nazioarteko hainbat gutun eta itun izenpetu dituen arren, gero ez dituela aplikatzen gogora ekarri du.

Seaskako lehendakariak nabarmendu du Estatu frantsesak 2005eko ituna, kultur aniztasunaren babes eta promozioari dagokiona ere ez duela errespetatzen. Frantziak 2006an bat egin zuen itun horrekin eta bertan argiki agertzen da «hizkuntz aniztasuna kultur aniztasunaren oinarri»» dela.