Guardia Zibilak Sortuko Kontseilu Nazionaleko kide bat jazartu zuela salatu dute
Sorturen Kontseilu Nazionaleko kide Iosu Lizarraldek Guardia Zibilaren jazarpena jasan duela salatu du indar abertzaleak eta kasu isolatua ez dela nabarmendu du.
Ezker abertzaleko kideen aurkako jazarpenaren beste kapitulu baten berri eman du Sortuk Donostian eskaini duen prentsaurrekoan. Iosu Lizarralde Sorturen Kontseilu Nazionaleko kidea izan da Guardia Zibilaren partetik jazartua izan dena eta gaur zortzi bizi izan zuen egoera baten berri eman du.
Pasa den asteartean Arrasaten izan zuen bilera batetik Oñatira bueltan zihoala Guardia Zibilak kontrol batean gelditu zutela salatu du Lizarraldek. Apropos bere aurka jarrita jarritako kontrola izan zela gaineratu du, bera pasa aurretik ez baitzuten autorik geratu. Guardia Zibilaren lau patrol zirela azaldu du eta, autotik atera eta mihaketak egin ostean, lau militarrek 50 metro urrutiratu zutela adierazi du.
Lizarralderen arabera, hauetariko bi gerturatu zitzaizkion, galdeketa egiteko, beste bi atzerago geratu zirelarik. Bata galderak egiten hasi zitzaiola esan du, «besteak iraindu egiten ninduen bitartean». «Garbi zegoen nire mugimendu guztiak kontrolatzen zituztela, egun hartan egin nuen guztia kronologikoki zekiten», nabarmendu du.
Galderak, batez ere, bere jarduera politikoaren ingurukoak eta Oñatin «indar errepresiboak» kanporatzearen alde egiten duen mugimenduaren ingurukoak izan zirela adierazi du. Egoera horretan 45 minutu inguru egon zela azpimarratu du.
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak irmoki salatu du Lizarralderen aurkako jazarpena. Jazotakoa ez dela kasu isolatu bat gaineratu du eta «ilegalki» ezker abertzaleko kideak galdekatzeko kontrolak izugarri ugaritu direla jakinarazi du. Mezu argia bidali die polizia indarrei: «Alde hemendik eta utzi herri hau bakean».