Estatutua berritzeko, EH Bilduri baino PPri begira dago Ortuzar
Estatus politiko berria lortzeko 2015. urtea jarri zuen ortzemugan EAJk hauteskunde programan, baina egitasmoa atzeratzen joan da eta zehazteke segitzen du. Urkulluren Gobernu programatik zeharo desagertu zen gero data hori, dena delakoa presarik gabe egin behar dela argudiatzen baitute Sabin Etxetik.
Honekin batera, prozesuak Gasteizko Legebiltzarrean adostasuna beharko lukeela nabarmentzen ari dira, eta horrekin nolabait PPri zein PSEri beto eskubidea ematen diote. Gehitu behar da Lakuako Gobernuak ez duela inolako proposamen zehatzik egiten (soilik kontsentsua lortzeko deia), eta hortik aterako litzatekeenak Ibarretxe Planarekin ez lukeela zerikusirik izango argi utzi duela oraingo lehendakariak (jakina da, hemeroteka horren froga, bere garaian Ibarretxeren bidetik guztiz aldendu zela Urkullu).
Hurrengo astean abiatuko omen ditu EAJk Legebiltzarrean estatusari buruzko eztabaidarako lantaldea osatzeko bilerak. Baina aurreko ñabardura guztiak eta beste hainbat datu kontuan hartuta, zein da alderdi jeltzaleak esku artean duen helburua? Nora iritsi nahi du?
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak hainbat azalpen eman ditu azken egunotan. Alta, garbienak atzokoak izan ziren, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan esandakoak: «Gernikako Estatutuaren jantzia egokitu nahi dugu, estu geratu zaigu-eta». EAJk gustuko duen ekidistantziari berriro helduz, 1979koa onartu zenean bi indar politiko kanpoan gelditu zirela gogora ekarri zuen Ortuzarrek: «Bi muturrak, AP eta HB. Gainerako guztiak Estatutuaren sintonian geunden. Orain bi mutur horiek sartzea gustatuko litzaiguke. Eta biak sartzea ezinezkoa bada, gutxienez bietako bat», gehitu zuen.
Elkarrizketan zehar gonbidapen are zuzenagoa egin zion PPri EBBko presidenteak. «Inguruan begiratzen badu, gainerako autonomia erkidegoetako PPko kideek beren estatutuak berritzeari ekin diotela ikusiko du. Gernikakoa da azken 35 urteotan berritu ez den bakarra -aipatu zuen-. Beste kontu bat da aldaketa hori nola egiten den, baina hasieratik uko egitea ez litzateke oso koherentea izango».
Ez dirudi, hala ere, PPrekin akordiorako aukera handirik denik, EAJk posizio epela hartu arren. Eta honi erreparatuta, garrantzia du igandean, alderdiko ekitaldi batean, Ortuzarrek berak esandakoak. «Ez gara presaka ibiliko. Gauzak ondo egin nahi ditugu. Eta autogobernuan jauzia eman ahal izateko, aurretik gainbehera ekonomikoa gainditu behar dugu, bakea eta elkarbizitza sustatu...»
Kataluniatik urruti
Baina EAJko agintarien burujabetzarako grina oso eskasa dela erakusten duen datu argiena Kataluniako prozesuarekiko agertzen duen urruntasuna izan daiteke. Excusatio non petita egin zuen atzo Ortuzarrek aipatutako elkarrizketan: «EAJ ez da deseroso sentitzen Kataluniako nazio aldarrikapenen aurrean».
Ibilbide horretan ataka baten aurrean daude jelkideak, maiatzeko europar hauteskundeak alegia. Berriro CiU eta BNGrekin batera aurkeztu nahi dutela hautetsontzietara esan zuen Ortuzarrek atzo, baina «Katalunian burujabetzaren aldarrikapena borborka ari denez, CiU bere posizioa birplanteatzen ari da eta ulertzen dugu».