INFO
Entrevue
JOANA HARANBURU
TXISTOR HARANBURU PRESO POLITIKOAREN ALABA

«Bizi artekoa baino hil arteko zigorra deitu beharko litzaioke»

Zortzi urterekin hasi zen espetxeen unibertsoa ezagutzen. Geroztik 23 urte igaro dira eta, egun, bere bi semeak eramaten ditu berarekin aitatxi ezagutu eta ikusi ahal dezaten. Biziarteko espetxe zigorra ezarri bazioten ere, aitak askatasun eskaera egin berri du. Parisek irizpide politikoak lehenetsi ohi dituela badaki, baina itxaropenari eusten dio. Halere, preso guztiak etxeratzea herritarren «esku» dagoen uste osoa du.


Urte hauetan guztietan hamaika gorabehera eta une gogor izango zenituen, ezta?

Bai, familia guztietan bezala, gauza anitz pasa dira urte hauetan. Maluruski, aitak hainbat osasun arazo izan ditu. Buruko minez kexu zen askotan, berak uste du atxiloketaren unean hartutako kolpe baten ondorioa dela, orduz geroztik hasi baitzitzaizkion oinazeak. 1996an konorterik gabe aurkitu zuten ziegan eta hainbat proba egin ostean, burmuineko angioma bat aurkitu zioten. 1997an ebakuntza larri bat egin zioten Parisko Salpetriere erietxean. Urte gogorra izan zen, zinez, noiz operatuko zuten, nola aterako zen zain, beti telefonoaren gibeletik zerbait jakiteko... Arrasto batzuk geratu zaizkio baina, oro har, ongi atera zen. Orain ere ebakuntza baten zain dago, belaunean, baina espetxean ezin diote egin. Beti oso kirolaria izan denez, ariketa fisikoa egiterik ez izatea falta zaio. Ama galdu zuenean ere kolpe handia izan zen berarentzat.

Ia zure bizitza osoan aita espetxean ezagutu duzu eta, orain, zure haurrak eramaten dituzu aitatxi bisitatzera.

Bai, hilabetero joaten gara. Espetxe horretan bisita ordu anitz izaten ditugu. Alde horretatik, ongi da, bidaia aprobetxatzen duzulako. Lehen gu joaten ginen eta orain nire semeekin joaten naiz. Zortzi urte nituen aita eraman zutelarik, baina iduritzen zait niretzat errazagoa zela, halako naturaltasunarekin bizi izan dudala beti aita espetxean bisitatzea. Aldiz, orain zailago egiten zait nire haurrak eramatea. Zaharrenak 3 urte eta erdi ditu eta galdera anitz pausatzen hasia da. Ez du ulertzen zergatik aitatxi ez den gurekin etxera etortzen, autoan badela tokia esaten dio. Hori bai, irrikitan izaten dira bera ikustera joateko. Aita ere bai, jakina.

Kode Penal frantsesean dagoen zigor handiena jaso zuen zure aitak: bizi osorako zigorra. Nola eramaten da hori?

Aitarekin batera, Jakes Esnalek eta Ion Kepa Parotek ere kondena bera jaso zuten. Hitzak berak adierazten du esanahiaren gordintasuna: biziarteko espetxea. Halere, egiaz, hil arteko zigorra esan beharko litzaiokeela uste dut. Estatu frantsesean heriotz zigorra Kode Penaletik 1981ean kendu zutela diote, baina ez zuten kendu, bizi osorako espetxeagatik ordezkatu baitzuten. Ezin dugu jakin zigorrak inoiz amaiera izango duen. Ez da mugarik. Nahiago nuke jakin hainbeste urte egongo dela, hala, gutxienez muga bat badago. Askatasun eskaerak egiten ahal ditu, baina inoiz ez da ziurtatua onartuko dizkiotenik edo noiz onartuko dioten. Kanpoan izan daiteke hemendik bi hilabetera, bost urtera edo igual han hilko da. Ez dakigu. Etxean ikusteko ilusioa mantentzen dugu, baina argi dakiguna da, askatasun-eskaerako dosierra oso ondo landua baldin badu ere, beti arrazoi politikoak izango direla tarteko eta Estatu frantsesak horiek hartzen ohi dituela aitzakiatzat kaleratzea ez onartzeko.

Hain zuzen, askatasun eskaera pausatua du berriki.

Bai, uztailaren 4an egin zuen galdea eta datozen asteetan ukan beharko genuke erantzuna. Eskaera egin duen lehen aldia da. Lehen aipatu bezala, osasun arazoek bultzatu dute horretara, baita Aieteko adierazpenetik goiti Euskal Herrian ireki den testuinguru politiko berriak ere. Baldintza mordoa exijitzen dizkiote: lana eta helbidea izatea, eskumuturreko elektronikoa eramatea... Badakigu ukatu diezaieketela, baina beti daukagu itxaropena, argi izpi horri eusten diogu.

Lannemezaneko espetxera joateko deia egin duzue...

Hala da. Larunbatean han izango gara. Orain sei euskal preso daude bertan, horietatik bostek hamar urte baino gehiago daramate kartzelan. Nire aitaz gain, Ibon Fernandez Iradik ere askatasun eskaera egina du gaixotasun larria duelako. Muturreko egoerak ondo islatzen dituztelako aukeratu da Lannemezanera joatea. Presoek beharrezkoa dute kanpoan sostengua dutela jakitea. Baita beren senideok ere, gu ere modu batean kondenatuak bagarelako. Gainera, askok uste ez badu ere, Parisek eta Madrilek oso ondo behatzen dute egiten duguna. Hortaz, bakoitzak tanta bat ematen badugu, gero eta gehiago mobilizatzen bagara, itsasoa bilakatuko gara eta guztiak etxeratzea erdietsiko dugu. Argi da bi estatuek ez dutela mugitu nahi eta ezin dugu haiengandik urratsik espero. Adibidez, azken asteotan presoak askatu badituzte Estrasburgoko auzitegiak behartu dituelako izan da, ez da bake-prozesua bultzatzeko egin duten zeinu bat. Beraz, dena gure eskuetan dago.