INFO

Gurasoek D ereduko irakasleen «lan zuzena» onetsi eta haientzako babesa galdegin dute

Iturrama, Hegoalde, Amaiur eta San Frantzisko eskoletako guraso elkarteek D ereduko irakaslegoaren «lan zuzena» defendatzeko agerraldia egin dute. Haien aurka burutzen ari den «intoxikazio» kanpaina gaitzetsi eta agintari politikoei dei egin diete, D ereduko eskola publikoaren ikasle zein irakasleak defenda ditzaten.

Hainbat zentrotako guraso elkarteek agerraldia egin dute, D ereduko irakasleei babesa adierazteko. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Iruñean burututako agerraldi batean, aipatu guraso elkarteek babesa adierazi diote D ereduko eskola publikoko irakaslegoari, «pairatzen ari diren intoxikazio kanpainaren» aurrean erakunde ofizialek «azalpen egokirik» eman ez dutela iritzita.

Gurasoek irakurritako adierazpenean, zeinak beste zenbait eragile eta elkarteren atxikimendua duen, arduradun politikoei eskatu diete «defenda ditzaten indar guztiz D ereduko eskola publikoaren ikasle zein irakasleak, behar diren erakundeen aurrean, baina auzitegietan ere, hala behar bada».

Horrez gain, «balioespen ezin hobea» adierazi diete D ereduko irakasleei zein zentro horietako zuzendaritza taldeei, «uste dugulako zentzu guztietan hezkuntzarik onena eskaintzen dutela».

«D eredua Nafarroan eredu iraki, bat-egile, integratzaile eta eleanitza da», nabarmendu ondoren, azaldu dute eredu hori dela herrialde horretan «elebitasuna bermatzen duen bakarra».

«Besteak beste, hainbat hezkuntza erakundeetan horrenbesterainoko garrantzia ematen ari zaizkion azken PISA txostenaren emaitzen arabera, Nafarroako eskola publikoko ikasleen maila matematiketan, nahiz irakurketa-ulermenean» Estatuko lurralde guztietako «bikainena» dela ere argi utzi nahi izan dute, D ereduaren ezarpen zabalak ere zerikusia duela argituta.

Gurasoek adierazi dutenez, «nazioarteko hainbat pedagoia adituk gure euskarazko hezkuntza publikoaren kalitate eta balio berezia aipatu dutenean, harrigarri eta tristea gertatzen da ikustea nola administrazio arduradunak, haren arrakastaz harro egon beharrean, nahiago duten hori gaitzestea».

Hori dela-eta, D ereduaren aurkako kanpainak «ezer lortu badu», harekiko gurasoek zuten konpromisoa sendotzea izan dela azpimarratu dute, eta asteazken honetan konpromiso hori erakusteko aukera izango dela, hezkuntza arloko eragileek egingo duten manifestazioan (18.00etan, Antoniuttitik abiatuta).