«Arratsaldean ziegak ireki zituztenean izan genuen Arkaitzen heriotzaren berri»
Puerto de Santa Mariako espetxean diren euskal presoak «lur jota» daude Arkaitz Bellonen heriotzarekin. Bere ondoko ziegan dagoen Jokin Zerainen senideek adierazi dutenez, bazkalondoan agurtu zuten elkar eta arratsaldean ziegak ireki zituztenean jaso zuten gertatutakoaren berri.
Jokin Zerain euskal presoaren senideekin harremanetan jarri da NAIZ, Arkaitz Bellonen heriotzaren berri espetxetik bertatik izate aldera. Bellonen ondoko ziegako presoa da Zerain eta bazkalondoan agurtu zuten elkar azkenekoz.
Bi aldiz deitu du etxera Zerainek azken orduetan eta hala kontatu dute senitartekoek dei horietan jasotakoa: «Goizean ondo zegoen, normal. Txaboloan sartu aurretik, bazkalostean, arratsaldean zer egingo zuten galdetu zion Jokinek: ‘Arratsaldean kirola?’. Eta Arkaitzek ezetz erantzun zion, nahiago zuela paseoan ibili» –lehen graduko erregimenean daude, baina sei orduko patio orduak dituzte egunean–.
Ziegak itxi zituzten orduan, arrratsaldeko 17.00ak ingurura arte. Orduan izan zuten, senideek jakinarazi dutenez, heriotzaren berri. Bertan diren zortzi presoak «lur jota» daudela jakinarazi dute iturri berberek.
Albistea ezustean iritsi da Puerto Iera. «Jokin ondoko txaboloan dago eta ez duela ezer arrarorik sumatu esan dit; ez dela ziegan inor sartu, bestela berak entzungo zuela».
Bilera zuzendariordearekin
Beste senide batek berri eman duenez, elorriarraren heriotzaren berri izan ostean bilera egin zuten espetxeko zuzendariordearekin Bellonen modulu berean dauden zortzi euskal presoek eta ondoren banan banan ziegan sartu eta azkeneko aldiz ikusi eta agurtzen utzi zieten.
Gaur goizean batu dituzte Arkaitz Bellonen gauzak bere ziegatik Zerainek berak eta Iñigo Gutierrez presoak, senideen arabera, «funtzionario ugariren zaintzapean».
Manu Gonzalezi elkarrizketa Infozazpin
Manu Gonzalez Arkaitz Bellonekin Sevillako espetxean izandako preso ohia elkarrizketatu du, bestalde, Infozazpi Irratiak. «Pertsona osoa zen. Egunero egiten zuen kirola, bere burua ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen zen. Lagun ona, zentzu guztietan», adierazi du irratiko uhinetan. Sevillako espetxealdian «bai fisikoki bai sikologikoki ondo ikusten zutela» adierazi du eta, bere iritziz «oso arraroa da gertatutakoa». «Momentuz espetxeko bertsioa bakarrik daukagu, baina ikusi beharko da zer gertatu den», gaineratu du.