INFO

Presoen egoera larrienak «beherala konpontzeko» eskatu dio Etxeratek Taubira ministroari

800 lagun inguru elkartu ditu Etxerat elkarteak Baionan Christiane Taubira Justizia ministroaren bisita dela eta. Ministroak ez du hitzik izan euskal presoen egoeraren inguruan bere hitzaldian, laster gaiaz mintzatzeko itzuliko dela esan dute bere prentsa arduradunek. Kalean, Etxeratek egoera larrienak «berehala konpontzeko» eskatu dio Frantziako Gobernuari, «bake biderantz lehen urrats bezala».

Angel Figeroa, Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellonen argazkiak izan dira manifestazioaren buruan. (Julen PASCUAL)

Espero zen Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroaren ahotik euskal presoen egoeraren inguruko aipamenik Baionan ematekoa zuen hitzaldian baina ez da halakorik izan, ohorezko aurreskua egin diotenean «milesker» hitza izan da ia-ia Euskal Herriaz egin duen aipamen bakarra. Hitz hartzearean ostean bere prentsa arduradunek «euskal presoez hitz egitera itzuliko dela» jakinarazi dute.

Berak esan ez dituenak Etxeratek eskatu dizkio, ordea, kalean 800 bat herritarren babesarekin burutu duen manifestazioan. Buruan azken urtean espetxe politikak utzi dituen hiru ondorio latzenak gogoan: Angel Figeroa, Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon hil berriaren argazkiak; eta pankartan aldarri zehatza «Eskubideak errespetatu, euskal presoak Euskal Herrira».

Amaieran Clara Rouget eta Marie Claire Gramontek hartu dute hitza Frantziako Gobernuak eta Taubira berak justizia konponbiderantz jartzeko gaitasuna dutela adierazteko. «Egoera larrienak berehala konpontzeko gaitasuna dute, oinarrizko eskubideak bermatzea erabakitzen badute». Erabaki hori «bake biderantz lehen urrats» bat izan daitekeela azpimarratu dute. Hollanden Exekutiboak erantzunik ez duela emango aurreikusita euren «mezu inportanteena gizarte osoari» zuzentzen diotela nabarmendu dute, horretan dutelako itxaropena.

Eskaria: Gaixoak askatzea, baldintzapekoak ez blokeatzea eta sakabanaketa amaitzea

Hitz hartzean Taubiraren hitzaldiaren izenburua izan dute abiapuntu, ‘Zer justizia biharko?’; eta horretan oinarrituz egin dute galdera, «eskubideen errespetua noiz?». Ibon Fernandez Iradiren egoera ekarri dute gogora, Lannemezaneko espetxean da bera larriki gaixo eta Justizia ministroari zigorra bertan behera uzteko eskaria egin diote.

Taubirari egin dioten berehalako eskarien artean espetxean bizi osoko zigorrarekin diren lau euskal herritarren askatasuna, baldintzapeko askatasunak ez blokeatzea eta sakabanaketa etetea izan dira Etxeratek Baionan deitu duen manifestazioan.