INFO

Hezkuntza Delegaritzara sartu dira ikasleak Gasteizen

Gasteizko ikasle grebalariak Hezkuntza Delegaritzara sartu dira eguerdian eta modu sinbolikoan okupatu dute. Ertzaintza agertu ondoren beren kabuz atera dira ikasleak kanpora.

Lau mila lagun inguru batu dira Gasteizko mobilizazioan, eguerdian. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Lau mila ikasle inguru bildu dira Gasteizko erdigunean egindako manifestazio nagusian, Ikasle Abertzaleek egindako balorazioaren arabera. Manifestazioak, Bilbo plazatik 12.00ak pasata atera denak, hiriko erdigunea zeharkatu du, Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Bertan, ikasleek pairatzen dituzten «inposaketak» salatu dituzte bildutakoen aurrean hitz egin duten bi gazteek. «Lomce eta Euro2015 bezalako erreformekin isilarazi nahi gaituzte, Heziberri bezalako alternatiba diruzaleekin engainatu nahi gaituzte, kapitalismoa eta espainolizazioaren iraunkortasuna bermatu nahi dituzte, egungo hezkuntzak dakarren akritikotasunaz eta indiferentziaz baliatu nahian», deitoratu dute.

«Aldarrikatzen dugun eredua euskaldun, ezkertiar eta feminta da. Eskola inklusibo, herritar, parekide, duin, internazionalista askatzailea... borrokan dugun heinean, Euskal Eskola Nazionala eraikitzen ari gara», azpimarratu dute.

Manifestazioa bukatu ondoren, ikasle batzuek Hezkuntza Lurralde Ordezkaritza okupatu dute modu sinbolikoan. Ertzainak agertu ondoren euren kabuz atera dira.

Arratsaldean 200 gazte inguru mobilizatu dira eta Kutxilleria kalean Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu.