INFO

«Azken hamarkadako ikasle greba handienaren kriminalizazioa» salatu dute Ikasle Abertzaleek

Ikasle Abertzaleek egindako balorazioaren arabera, M27ko greban 20.000 ikasle baino gehiago irten zen kalera Hego Euskal Herrian, Lomceri bizkar eman eta hezkuntza propio bat aldarrikatzeko. «Ikasleriaren gehiengoak argi adierazi du gaur egungo hezkuntza errotik iraultzeko beharra dagoela».

IAren arabera, 20.000 izan ziren M27ko grebarekin bat egin zuten ikasleak. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

M27ko grebaren biharamunean egin dute Ikasle Abertzaleek jardunaldiaren balorazio orokorra. Ohar bidez jakinarazi dutenez, 20.000 ikaslek eskolak utzi eta kalerako bidea hartu zuten, Lomceri, EU2015 eta Heziberri2020 planari bizkar eman eta Euskal Herriak hezkuntza propioa behar duela galdegiteko.

«Ikasleriaren gehiengoak argi adierazi du gaur egungo hezkuntza errotik iraultzeo beharra dagoela», ohartarazi dute oharrean.

Bestalde, «larritzat» jo dte ikasle mobilizazioaren ondotik hainbat komunikabidek «aldarrikapenak eta edukiak desitxuratu» izana, «egondako liskar isolatuak nabarmenduz». Ildo horretan, ikasleek jasandako «jazarpen polizial bortitza» salatu dute; atzoko greba egunak hamahiru atxilotu eta hamarnaka zauritu utzi zituela ekarri dute gogora.

Iruñean izandako istiluei buruz ere mintzatu dira. Beren aburuz, «giro baketsuan» garatu zen manifestazioa eta ondoren eserialdi baketsu bat egiten ari ziren ikasleei «polizia modu bortitzean oldartu izanak eragin du horrelako istiluak garatzea».

Adierazi dutenez, «hori zen hainbat agintari politikok nahi zuten mobilizazioaren amaiera, komunikabideetan ikasle mugimendua kriminalizatzeko». «Mezu politikoa desitxuratu dute batzuek haien interesetan, azkeneko hamarkadan egindako ikasle greba orokor handiena gaitzetsiz».

Aurrerantzean, Lomce eta EU2015 erreformak ez aplikatzeko estrategiak definitu eta «guk nahi dugun hezkuntza eredua definitu behar dugu, datozen hilabeteetan alternatiba praktika errealak aurrera eramanez».