Itziar Nogerasek gaur erantzungo du Donostia 2016ko zuzendari gisa jarraitzen duen ala ez
Donostia 2016ko zuzendariak Patronatuaren esku utzi zuen atzo bere kargua. Albisteak ezustean harrapatu zituela azaldu du gaur Juan Karlos Izagirre alkateak eta «formekin harrituta eta minduta» dagoela aitortu du. 24 ordu eman zizkioten Nogerasi erabakia birpentsatzeko. Jarraitu ala ez, proiektuak «bai ala bai» aurrera egingo duela esan du Izagirrek.
Donostiako alkateak ezegonkortasuna eta krisi egoera berria piztu direla aitortu du gaur goizean eta esan du harridura sortu ziela atzo, batez ere, Itziar Nogerasen egiteko moduak, Patronatuari jakinarazi gabe gero bertan behera geldituko zen prentsaurrekoa deituz eta ondoren, bilerako gai zerrendarekin hasi aurretik, bere dimisioa aurkeztuz.
«Formekin harrituta gelditu ginen denok baina azpimarratu nahi dut 2016 proiektua ez dela baldintzatuko pertsonen arabera. Seguru gaude hiritar guztien proiektu bat dela eta Donostiak ez du galduko aukera hau. Aurrera egingo du bai ala bai», esan du Izagirrek. Nogerasek mahai gainean jarritako arrazoien artean, giro politiko gatazkatsua eta erakutsi zaion konfidantza falta aipatu ditu alkateak, besteak beste.
Autokritika ere egin du esanez ez dela asmatu proiektuaren komunikazioan, transparentzian eta egonkortasunean eta hemendik aurrera hiru horiek hobetzea izango dela lehentasuna, hiritarren artean ilusioa eta inplikazioa berpizteaz gain.
Erabaki pertsonalen gainetik, atzoko bileran Patronatua osatzen duten lau erakundeek erakutsitako adostasuna balioan jarri beharreko zerbait dela azpimarratu du Izagirrek. «2016 proiektua ez litzateke enfrentamendu politikoa bilatzeko joko eremu bat izan behar. Atzo erakutsitako batasuna gustatuko litzaidake udalera ere eramatea», esan du.
11.30ean Bozeramaileen Batzordea hasi da Donostiako udalean eta ondoren alkateak Nogerasekin hitz egin behar duela esan du, lehenik atzoko bileran hartu ziren erabakien berri zuzenean emateko –Nogerasek bilera utzi arren gainerakoek jarraitu egin baitzuten–, eta ondoren erantzun bat jasotzeko. Arratsaldean jakingo da, beraz, jarraitzen ote duen ala ez.