INFO

Egitaraua mantenduta, egun bat atzeratu dira Altsasuko Gazte Buruktazioak

Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolatutako topaketak ostiralean hasiko dira, aurreikusitakoa baino egun bat beranduago. Aldaketa Nafarroako Gobernuak Altsasuko Udalari antolatzaileei eskola ez uzteko egindako eskaeraren ondotik etorri da.

Gaur arratsaldean eskeinitako prentsaurrekoa. (Naiz.info)

Ernai eta Aitzinak bihar eta igandera bitartean Altsasun deituta zituzten gazte topaketak egun bat atzeratu dira azken unean, Nafarroako Gobernuak Altsasuko Udalari Zelandi eskola publikoa antolatzaileei ez uzteko eskatu ostean. Antolatzaileek Gazte Buruktazioen atzerapenaren berri gaur arratsaldean eskainitako prentsaurrean eman dute.

Agerraldi berean adierazi dutenez, «ilegalizazioaren mehatxupean» topaketekin aurrera jarraitu ahal izateko moldaketak egitera behartu dituztela adierazi dute. «Hori dela eta –erantsi dute–, hiru egunetarako aurreikusita geneukan egitaraua bi egunera murriztuko dugu, ostiral goizean hasiera emanez». Topaketak beraz, ostiral goizean goiz hasiko dira, prestatuta zegoen egitaraua mantenduz. Lehentasuna, izena eman duten 1.200 gazte baino gehiagori «eztabidarako zein praktikarako espazio bat» eskaintzea izan dute Ernaik eta Aitzinak.

Hau guztia jardunaldiak hasi baino egun bat lehenago gertatu izana ez da kasualidadea antolatzaileentzat, «trikimailua» baizik gazteak «kikildu eta topaketak bertan behera» uzteko. Aitzitik, gazteek aurrera gogotsu egingo dutela berretsi dute.