Baionan abiatu dute ekainaren 8ko giza katerako spotaren grabaketa
Baiona ttipian ekin dio Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen ‘Gure esku bidea’ giza katerako spotaren grabaketak. Dozenaka herritarrek bat egin dute gaurko deialdiarekin. Igandean Bilbon egingo dituzte grabaketak.
Ahotsa.info-k Gure Esku Dagorentzat egindako egunaren laburpena.
Larunbat honetan hasi eta asteazkena bitarte Euskal Herrian barrena ibiliko da Gure Esku Dago ekimena ekainaren 8rako spota grabatzen. Baionan ekin diote lantegi horri eta dozenaka herritarrek parte hartu dute ekimenean. Pannecau kalearen amaierako zubian egin dute topo 12.30ak inguruan spotean parte hartu behar zuten herritarrek, ordurako prest zuen Labrit multimediak gidatutako lan talde teknikoak azpiegitura.
14.00ak inguru arte luzatu den grabaketan zubian batera eta bestera ibili dira herritarrak ingurukoen galdera artean. «Zer da?» zioten kalea moztuta ikustean harriduraz bildu diren herritarrek, «erabakitzeko eskubidearen alde ekainean egingo den giza kate erraldoierako deialdia», erantzuten zieten lantegi horretan zirenek.
Baionako grabaketen ostean Urruñara mugitu dute lan talde osoa, bertako Berttoli elkartean aritu baitira spoterako beste irudi batzuk grabatzen.
Bilbo, Donostia, Bardeak, Gasteiz eta Iruñea
Azken emaitzaren inguruko xehetasunik ez dute eman oraindik antolatzaileek baina osagai herritarra bere baitan izango du, behintzat. igandean Bilbon egin dute zita, Guggenheim museoaren parean (11.00tan) eta batetik bestera jarraituko dute asteazkena bitartea. Astelehenean Donostian egingo dituzte grabaketak (15.00etan nagusia Kursaal inguruan), asteartean goizean Bardeetara deitu dituzte herritarrak eta Gasteizko unibertsitate kanpusera arratsaldean. Asteazkenean amaituko dituzte lan guztiak, Iruñean goizean eta Berriozarren arratsaldean. Parte hartu nahi duenak euren webgunean topatuko du informazio guztia eta harremana@gureeskudago.net helbidera idazteko eskatu dute antolatzaileek.