Herri ekimeneko hainbat hedabidek elkarlanean egingo dute ekainaren 8koaren jarraipena
Ekainaren 8rako Gure Esku Dagok Durango eta Iruñea lotuz antolatu duen giza katearen jarraipena egiteko elkarlanean arituko dira herri ekimenetik sorturiko hainbat hedabide, GARA eta NAIZ tartean. 123 kilometroetan izango dena jarraitzeko sare sozialetan modu koordinatuan ariko dira hedabideak eta zuzeneko saioa izango da goizean. Gauerako, denen elkarlanaren emaitza izango den telebista saio bateratu bat ere osatuko dute.
Elkarri eskutik helduta ariko dira herri ekimenetik sorturiko hainbat hedabide ekainaren 8rako Gure Esku Dago dinamikak deitu duen giza katearen jarraipena egiteko. Bakoitzak egingo duen lanketa guztien eskura jartzea da helburua eta denen artean ekimenaren jarraipen osatua eskaintzea.
Elkarlanaren fruitua sare sozialetan egindako jarraipen koordinatua, giza kate osoaren argazkiak bilduko dituen mapa interkatiboa eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena erakusteko argazki eta irudiak, lurretik eta airetik, izango dira. Goizean zuzeneko irratsaioa izango da ekimena gertatu ahala bere berri emateko eta gauerako egunaren laburpen gisa ordubete inguruko telebista saioa osatuko dute.
Aurrekaririk gabeko elkarlana
Ekainaren 8koa aurrekaririk gabeko ekimena izango da, eta baita beraren jarraipena egiteko osatu den elkarlana ere. NAIZ eta GARAz gain, elkarlan horretan dira, oraingoz, Info7 irratia, Hamaika Telebista, Berria eta Hitzak, Argia, Ahotsa, Aiaraldea, Anboto, Arrosa irrati sarea, Barren, Goiena, Goierri Telebista, Guaixe, Hitzondo, Librean zuzenekoak, Pil-Pil, Piztu, Tolosaldeko ataria, Tokikomen biltzen diren hedabideak, Topatu eta 25 geltokia.