INFO

Igandeko hitzordu historikoari jarraipen berezia egingo diote NAIZek eta GARAk

Zuzeneko jarraipen zehatza egingo diote NAIZek eta GARAk igandean Gure Esku Dagok deitutako giza kateari. Goizeko lehen ordutik hasiko da jarraipena NAIZen eta biharamunerako ale berezia egingo du GARAk. Giza katearen jarraipena beste hedabide batzuekin elkarlanean gauzatuko da.

Gure Esku Dago dinamikaren ekitaldi jendetsua La Casillan. (ARGAZKI PRESS)

Igandeko hitzordu historikoaren lekuko izan nahi dute NAIZek eta GARAk eta, horretarako, jardunaldian gertatzen den orori jarraipen berezia egingo diote. NAIZek goizeko lehen ordutik ekingo dio lanari, webgunearen bitartez eta sare sozialak baliatuz.

Ibilbidean bertan egongo diren kazetarien laguntzaz, Iruñea, Etxarri, Lazkao, Durango eta Bergarako zuzeneko kontakizunak eskainiko dira, baita tokian tokiko kronikak ere. Argazkiak, bideoak eta sare sozialen bidez izango den jario etengabearen ispilu izango da NAIZ igandean.

GARAk ere erabakitzeko eskubidearen aldeko zitari balio berezia emango dio hurrengo egunean argitaratuko den ale bereziarekin.

Beste hedabideekin elkarlanean

Igandeko hitzorduaren jarraipena herri ekimeneko hainbat hedabiderekin batera egingo da. NAIZ eta GARAz gain, elkarlan horretan dira Info7 irratia, Hamaika Telebista, Berria eta Hitzak, Argia, Ahotsa, Aiaraldea, Anboto, Arrosa irrati sarea, Barren, Goiena, Goierri Telebista, Guaixe, Hitzondo, Librean zuzenekoak, Pil-Pil, Piztu, Tolosaldeko ataria, Tokikomen biltzen diren hedabideak, Topatu eta 25 geltokia.