Ikasturtea hasi bezperan erabakiko du Pauek Ziburuko ikastolaz
Asteartean hasiko da ikasturtea Ziburuko ikastolarentzat eta bezperan, astelehenean, jakingo du Paueko Auzitegiaren erabakia. Ziburuko Udalak bertara jo baitu Baionako epaitegi batek kanporatzeko aginduaz erabakirik hartu ez zuelako. Seaskak erabakia edozein izanda ere asteartean haurrak ikastolara eramango dituztela iragarri du.
Paueko epaitegi batean izan dira gaur Ziburuko Kaskarotenia ikastolako ordezkariak eta Herriko Etxeko ordezkariak, mahai gainean Udalaren kanporatze agindua. Guy Poulou alkateak Baionako auzitegi batera jo zuen lehenbizi, hark gaia korapilatsuegia zela eta uko egin zion kanporatze agindua berresteari. Erantzunarekin ase ezinda Paueko Auzitegira jo zuen orduan Ziburuko Udalak eta bertan da eztabaidagai orain gaia.
Ziburuko Udalak «urjentziaz» kanporatzeko agindua eman zion Kaskarotenia ikastolari, garaian ikastetxea ezartzeko sinatutako konpromisoa udaran amaitzen zela argudiatuta. Ikastolako arduradunek ez dute ontzat ematen hori eta protesta ugari egin dituzte azken asteetan alternatiba baten eskean, ikastolaren afera herriko auzi bat delakoan, eta ez eragile pribatu batena.
Paueko epaileak bere erabakia astelehenean jakinaraziko duela iragarri du eta beraz, sartzearen bezeperan iritsiko zaie Ziburuko gurasoei euren haurren ikasturte hasieraren inguruko erabaki garrantzitsua.
Asteartean ikastolara, erabakia edozein izanda ere
EiTBk jasotako adierazpenetan Paxkal Indo Seaskako lehendakariak astelehenean kanporatzerik izango denik ezin duela sinetsi esan du eta izango balitz, asteartean gurasoak euren haurrekin ikastolara joango direla. Iparraldeko Hitzak jasotako hitzetan, berriz, konponbiderako aukerak izan badaudela esan du Indok, baina Poulouk eta bere Udal Gobernuak ez dutela aterabidearen inguruan hitz egin nahi salatu du.