INFO

Ziburuko ikastola egungo gunean geldituko da konponbiderik ezean

Normaltasunez hasi dute Ziburuko Kaskarotenea ikastolako haurrek ikasturtea. Hala ere, Paueko auzitegiak emandako ebazpenaren ondotik, leku hori utziko ez duela esan du Seaskak eta irtenbide bat aurkitu arte bertan geldituko direla adierazi.

Ziburuko Kaskarotenea ikastolako haurrak, klaseko lehen egunean. (Sylvain SENCRISTO)

Kaskarotenea ikastolak ikasturtea «normaltasunez» hasi nahi izan du, bederen haurrentzat, baina gurasoentzat eta bertan ziren Seaskako eta Herriko Etxeko ordezkarientzat normaltasuna urrun zen, Kazetak berri eman duenez.

Seaskako presidente den Paxkal Indok argi adierazi du atzo Paueko epaitegiak eman zuen ebazpenaren ondorioa: «Onartezina da, zazpi egunetan ezin da atzeman udako hilabete guztietan lortu ez dugun konponbidea». Hala ere, Herriko Etxearekin aterabide bat aurkitzen saiatuko dira, baina lortzen ez badute bertan gelditzeko asmoa agertu du.

«Bada arriskua polizia igortzeko, baina ez da beste aterabiderik, haurrek ez dute klase egun bat bera ere galdu behar», nabarmendu du Indok. Epaileak ezarritako eguneko 100 euroko isuna «nola ordaindu pentsatzen» hasi beharko direla gaineratu du, elkartasunerako dei eginez.

Atzo jakin zen Paueko administrazio epaitegiak zazpi egun eman dizkiola ikastolari gaur egun Marinelan okupatzen duen gunea uzteko, eta egin ezean egunero 100 euroko isuna ordaindu beharko ditu.

Jokamolde salagarria

Epaiaren ondotik, Guy Poulou auzapezaren jokamoldea salatu du Indok. Alde batetik, pozik agertu izana arbuiatu du: «13 haurren kanporatzeagatik kontent da. Bere jokamoldea berdintasunaren kontrakoa da, haur guztiek behar dute tratamendu berdina izan».

Epaia bere alde izan dela jakin ondoren mintzatzeko prest agertu da auzapeza, baina oraingoan «egiazko aterabide» bat ekarriko duela espero dute, orain arte «beti ekarpen ezkorrak» egin baititu.

Seaskako eta Kaskaroteniako kideen kontra agertu duen mespretxua ere gaitzetsi du Indok.

Sinadura bilketa

Ikastolari babesa adierazteko, internet bidezko sinadura bilketa jarri dute abian.

Milaka lagunek egin dute bat ekimen honekin, eta abiadura handian ari da gora egiten sinadura kopurua.