Sakabanaketarekin bukatzeko exijitu dio Etxeratek Fernandez Diaz ministroari
Etxeraten ustez, «izugarrizko probokazioa» da Terrorismoaren Biktimen Memoriala izango den zentroak «gatazka honek sortutako biktima guztiak ez aitortzea». Sakabanaketa politika «behingoz desaktibatzeko» galdegin dio Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolari.
Etxeratek elkarretaratzea egin du Gasteizen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolak Terrorismoaren Biktimen Memoriala izango denaren aurrekontuak sinatzeko Arabako hiriburura egin duen bisitaren harira. Udaletxean izan da ministroa, Javier Maroto alkatearekin zentro horren inguruan akordioa izenpetzeko.
Euskal preso politikoen senide eta lagunen elkarteari «izugarrizko probokazioa eta errespetu falta» iruditzen zaio Fernandez Diazek eta zentroak «gatazka honek sortutako biktima guztiak ez aitortzea», eta are gehiago «amorratzen» ditu «gu hiltzen gaituen mendekuzko neurrien arduradun politikoa hona etortzeak», Estatu espainolak «gure aurka mantentzen duen biolentzia zuzena bere horretan dirauelako».
Etxeratek gogora ekarri duenez, sakabanaketa politikak 16 senide eta lagunen heriotza eragin du errepideetan. Politika horri eutsiz, defendatuz eta horren aldeko apustu politikoa eginez, salatu du, «gure sufrimendua legitimatzen da eta hori da Ministeritza horrek egiten duena, gure eskubideak urratuz eta gure bizitzak arriskuan jarriz astero».
Ildo horretan, gatazkak eragindako biktima guztien memoriala «noizko» izango den eta sakabanaketa noiz arte mantenduko duen galdetu dio Etxeratek Fernandez Diazi. «Gure senideak ikusteko erabakia hartzen dugu, eskubidez dagokigulako, baina bidaian jartzearen ardura eta bertan gerta daitekeenaren ardura ez da gurea», nabarmendu du.
Azkenik, «sufrimendua besterik bilatzen ez duen» sakabanaketa politika «behingoz desaktibatzeko» deia egin dio. «Bukatzeko ordua da».