INFO

Arrankudiaga Zolloko kontsulta oso positiboa izan da «zentzu guztietan»

Herri kontsultaren biharamunean, «poz-pozik» daude Ados plataformako kideak, parte-hartzea eta erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea posible dela frogatu dutelako, jaiarekin uztartuz gainera. Egingo duten lehenbiziko gauza biztanle guztiak zoriontzea izango da.


Ados plataformako lagunek bilera egin zuten Arrankudiaga Zolloko kontsulta baloratzeko eta GARAk haietako batekin, Joseba Martinekin, hitz egin zuen lehendabiziko ideiak eta hausnarketak jasotzeko. Galdera bat egin eta gogoetak buruan pilatzen zitzaizkion. Hainbeste gauza ikasi dituzte! Besteak beste, «herri txiki ala handi batean ez baduzu zubirik eraikitzen ideologia, kultura edo erlijioen artean, akabo», ez dagoela halako ekimenik egiteko aukerarik.

«Ez badituzu gakoak aldatzen, ideia desberdinekin, konplexurik gabe, a priorismorik gabe, bakoitza bere muga pertsonaletatik aterata, ezinezkoa da. Eta hori herri guztietan posible da, bakoitza bere tamainan», defendatu zuen. Azaldu zuenez, gero eta gehiago dira jendartean zabaltzeko elementu komunak: «Hor dago kirola, euskara, Korrika, presoak... Gauza asko».

Martinen aburuz, kontua ez da soilik galdetzea; gaien inguruan zubiak planteatzea eta bakoitza bere lubakitik ateratzea «ikasgai oso inportantea» da.

Galdeketaren balorazioa «oso positiboa da zentzu guztietan; demokraziaren jaia izan da, demokrazia da irabazi duena». Parte-hartzea «oso handia» izan da, deialdia zabaldu zitzaien 16 urtetik gorako biztanleen %61,59k eman dute botoa. Konparazio batera, Europako hauteskundeetan %52k parte hartu zuten, eta hori makinaria guztia martxan jarrita. Ados plataformakoek, aldiz, hainbat trabari egin behar izan diote aurre eta sekulako lana egin dute erabakitze eskubidea praktikara eramateko, jendeari guztia esplikatzetik hasita.

Kontsultan parte hartu dutenetatik %89,64k baietz erantzun diote «Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?» galderari.

Etxarri Aranatz eta Katalunia

Igandean bertan publiko egin zuten bezala, prest daude beren esperientzia edozein herrirekin konpartitzeko, esperientzia nahiko bizi eta gauza pila bat ikasi baitute, kontu teknikoak tartean. Gertu daude jendea animatzeko ere.

«Etxarri Aranatzekoek kataluniarrengandik ikasi zuten eta guk, biengandik», adierazi zuen Joseba Martinek. «Esperientzia hori aprobetxatzen baduzu, ez zara okertzen eta gauza batzuk ekiditen dituzu. Adibidez, zuzenean planteatzen duzu plataforma bat sortzea istiluetan ez sartzeko». Ohartarazi zuenez, iskanbiletan sartzeak demokraziaren kontrakoei egiten die on, parte-hartzea eta ilusioa txikituz, apurketa eta banaketa eraginez... «Gu, hasieratik zentratu ginen gure lanean, ilusioa sortzean eta zabaltzean».

Etxarri Aranatzeko kide batzuk ondoan izan zituzten igandean eurekin «disfrutatzen». Nafarrek apirilaren 13an eraman zuten praktikara erabakitzeko eskubidea eta «egun ahaztezina» izan zen. 850 etxarriarrek eman zuten boza, erroldatuen %42k, traba guztien gainetik.

Independentistak Sareak Arrankudiaga Zolloko herritarrak zoriondu zituen «independentziaren aldeko ariketa praktiko eredugarria» egin dutelako. «Azaroaren 2a egun handia izango da hemendik aurrera, erakutsi dutelako independentzia esparru abstraktu eta utopikotik atera eta herritarren nahiei eta beharrei erantzuten dien etorkizuneko alternatiba dela», agertu zuen.

Independentismoaren hurrengo hitzordua larunbat honetan da, Kataluniako kontsultaren bezperan, Donostiako Zurriola hondartzan. Seguru ez dela faltako Etxarri eta Arrankudiagako jenderik.