INFO

‘Hama... bortz, ama... bat’ lelopean antolatuko du Elizondoko Baztan Ikastolak Nafarroa Oinez jaialdia

Zangozan egindako Nafarroa Oinezen aurtengo edizioa «oso arrakastatsua» izan dela eta «aurreikuspen guztiak gainditu zituela» ohartarazita, lekukoa Elizondoko Baztan Ikastolaren esku da orain.

Baztango Ikastola 2015eko Nafarroa Oinezera begira da dagoeneko. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Elizondoko Baztan Ikastola izango da 2015eko Nafarroa Oinez antolatuko duena. Helburua, euskarari bultzada emateaz gain, ikastolako azpiegiturak hobetu eta handitzeko baliatuko da festaren ondotik lortzen den dirua. Baztan Ikastolak 201 ikasle eta 14 irakasle ditu.

Baztan Ikastolako zuzendari Iosune Ortega eta guraso elkarteko presidente Elena Zabaleta prentsaurrekoan agertu dira gaur, Nafarroako Ikastolen Federazioko presidente Mikel Belaskorekin batera. Haiekin izan dira, baita ere, Zangozako ikastolako lehendakari Susana Garralda eta bertako ikastolako zuzendari Leire Rebole.

Hurrengo urtekoa Baztan Ikastolak antolatzen duen bigarren jaialdia izango da; 1982an antolatu zuen lehenengoa.

Leloaren berri ere eman dute gaurkoan. ‘Hama... bortz..., ama... bat’ izan da hautatutako esaldia eta esanahiaren azalpenak eman ditu Zabaletak. «2015 urteari, euskararen haziak loratzearen alde lan egiten duten 15 ikastolei eta Baztango bailara osatzen duten hamabost herriei egiten die erreferentzia».

Leloa Fernando Anbustegik osatu du, Baztango Ikastolako lehenengo andereinoaren semeak. «Euskara bere magalean hartzen gaituen ama hizkuntza ere badela erakutsi nahi du».

Logoa, bere aldetik, oin baten irudia izango da, Zabaletaren ustez, «pausoz pauso euskararen bidean aurrera goazelako». 15 ikastolez osatutako oina da, Baztango 15 herriez koloreztatutakoa.

1970ean sortutako ikastolak espazio arazoak ditu eta azpiegituratan berrikuntzak behar ditu. Jaialdiaren ondotik lortzen den dirua jangela handitzeko, kanpokaldean gune estali bat izateko, gela kopurua handitzeko eta eraikuntzetako isolamendua hobetzeko baliatuko dute.

Eraikuntza eta espazio arazoei aurre egiteaz gain, hurrengo urteko jaialdia «euskarari bultzada emateko» ere baliagarri izatea espero dute antolatzaileek.