12.000 saski banatuta, euskalgintzarako 151.000 euro lortu ditu Errigorak
Iazko erronka gainditzen lanak izango zituztela uste zuten baina goranzko joeran da Errigora eta aurtengo neguko kanpainaren datuek baieztatu dute. 12.000 saski inguru banatzea lortu dute eta bikoitza da irabazia; zuzena, nafar hegoaldeko ekoizleentzat lortutakoa eta irabaziek eragindako 151.000 eurokoa, euskalgintzarentzat. Asteburuan saskiak prestatzeko auzolana antolatu dute Ablitasen.
«Zorionak! 12.000 saski inguru banatu eta 151.000 € bildu ditugu euskalgintzarako!». Hori da artikuluari atxikita topatuko duzuen eskuorriaren izenburu nagusia, Errigorak banatuko dituen 12.000 saski horietako bakoitzean gehituko duena. Zorion balorazioa egin du Errigorak. Saski kopuru altuak zuzeneko eragina izango du Nafarroa hegoaldeko ekoizleengan eta irabaziekin euskalgintza garatzeko 151.000 euro lortu dituzte.
Iaz 500 banaketa gune izan zituzten eta aurten 700 izatera iritsi dira eta asko hazi da ekimenean parte hartu duen lagun kopurua. Banaketan lagundu dutenei eta komunikabideei eskerrak eman dizkiete Errigorako ordezkariek. Ekoizle kopurua ere iaz baino handiagoa izan da. Pozik dira Errigoran horregatik, «saskien eskaera handia izateak, ekoizle gehiagorengana zabaltzeko aukera ematen du», diote aldizkarian. Kanpainan zehar protagonista nagusiak hiru izan dira, horietako bi ekoizleak: Angel eta Imanol.
Hirugarren protagonista Tere Rosano izan da, Tuterako Argia ikastolako gurasoa. Izan ere, Errigorak zuzenean ekoizleei laguntzeaz gain irabaziak euskalgintzarako baliatuko ditu. Ikastolak berak, Erriberako AEK-k eta Euskaraz Bizi eta Ikasi ekimenak jasoko dute diru babesa.
Auzolana asteburuan
Auzolanean egin dute posible ekimenaren arrakasta eta auzolanean ekingo diote azken txanpari ere. Izan ere, 12.000 saski horiek prestatu egin behar dituzte, orain, banaketa bideratzeko. Astebururako jarri dute zita. Larunbatean Ablitaseko herri kooperatiban ehundik gora lagun elkartuko dira, «ekoizleak, dirua jasoko duten proiektuetakoak, kontsumitzaileak, antolatzaileak... Guztiok elkarlanean», diote deialdian. Ondo pasatzeko tartea ere izango da, asteburu osorako antolatu baitute auzolana, jatordu eta bisita gidatu eta guzti. «Erribera, Errigora, herri gara!», esanez amaitzen da balorazio oharra.
Kanpainaren hasierako bideoa. Gainontzekoak HEMEN.