INFO

Arzalluzek zerbitzu sekretuei eta «erregimeneko buruei» egotzi die Muguruzaren hilketa

EAJko buru izandako Xabier Arzalluzek Cesid militarren zerbitzu sekretuen bizkar gainean bota du Josu Muguruzaren hilketaren ardura. «Erregimenaren buru zirenek egiten zituzten horrelako gauzak», esan du Alcalako atentatuaren 25. urteurren honetan.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


«Guretzat garbi zegoen Cesid edo horietako bat zela. Beren politika gainetik egiten zutenek, hemendik bai eta hemendik ez esaten zutenek. Hori oraindik horrela da». Xabier Arzalluzen hitzak dira eta Josu Muguruzaren hilketaren arduradunez mintzo da. Hitzok ‘Zohardia’ dokumentala ekoizteko egin dituzten elkarrizketetan bota ditu garai hartan EAJko buru nagusi zenak.

Astebukaera honetan kioskoetara iristen den ‘Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa’ liburuak ere bildu ditu adierazpenok eta, beste testigantza batzuk jasoz, Alcalako atentatuari buruzko argibideak eman nahi izan ditu.

Urte hauetan ezker abertzaleak egin du indar gehien Estatuko aparatuen erantzukizuna salatzeko orduan. 25. urteurren honetan Arzalluzek Cesid aipatu du zehatz-mehatz, Cesid eta baita «erregimeneko buruak» ere: «Cesidek bere politika egiten zuen. Erregimenaren buru zirenek, dozena erdi bat izango ziren, horiek egiten zituzten gauza hauek».

Espainiako Poliziak eta Justiziak ultraeskuinari leporatu zioten krimena, Estatuaren ardura ezkutatu asmoz. Aipatu liburuak, ordea, ardura hori agerian uzten du, alde batetik, Iñigo Iruinen iritzien bidez, gertaeren testuingurua eskainiz: Aljerreko elkarrizketaren hausturaren garaia zen eta Estatuko sektore hertsienak, elkarrizketaren kontrakoak gailendu ziren. Beste alde batetik, akusazio partikularra eraman zuen Kepa Landa abokatuaren lekukotasuna jasota, prozedura judizialak utzitako ikaragarrizko zuloa nabarmentzen du liburuak. Hori dena bilduz, GARAk ere artikulu osatu bat eskainiko du biharko alean.