INFO

Lurralde frantsesa uzteko agindua ezarri diote Julen Mujika presoari

Datorren larunbatean aske geratutzekoa den Julen Mujikari lurralde frantsesa uzteko agindu dio Okzitaniako Tolosako prefetak. Agindu horrek ez du lurraldearen debekua ekartzen, baina Estatuko lurraldea uztera behartuko luke. Maritxu Paulus Basurko abokatuak helegitea ezarri du, hori dela-eta epaitegian auzia aztertu aurretik Mujika ezin izango da libre geratu eta litekeena da erretentzio zentro batera eramatea.

Julen Mujika eta Intza Oxandabaratzen atxiloketak salatzeko 2012an egin zuten elkarretaratzea. (Gaizka IROZ)

Maritxu Paulus-Basurko abokatuak adierazi duenez, gutxienez azken 20 urteetan ez zaio antzeko neurri administratibo hori aplikatu euskal preso bati. «Hainbat atzerritarri, adibidez erromaniei, ezarri izan zaie baina Mujikaren kasuan ez du inolako zentzurik», esan du.

Gogoratu duenez, Mujika, atxilotua izan aurretik, Ipar Euskal Herrian bizi zen eta lan egiten zuen, eta bere neska-lagunak eta semeak hiritartasun frantsesa dute. Gainera, Europako Batasuneko herritarra izaki, bertara itzultzea ezingo zaio debekatu.

Argudio horiekin helegitea ezarri dute jada neurria bertan behera gera dadin eskatuz baina erabaki arte, litekeena da larunbatean espetxetik erretentzio zentro batera eramatea. Orduan, premiaz aztertu beharko litzateke helegitea eta, gehienez ere, beste hiru bat egunez atxikiko lukete pasaitarra.