INFO

Bakoitzak argi bat eramanen du urtarrilaren 10ean, isilean «NOW! Euskal Herrira!» oihukatzeko

Heldu den urtarrilaren 10ean Bilbon izanen den manifestazioa Casillatik eta udaletxetik abiatuko da aldi berean, sakabanaketaren aurpegi lazgarria lehen pertsonan bizi duten senitartekoak aitzinean direla. Astero sakabanaketaren distantzia leuntzen duten furgoneten gidari boluntarioek ere parte hartuko dute. Mobilizazioa isila izango da, pankartarik gabekoa, eta Zabalburu plazan, ekitaldi xume baten bidez «argi dugu!» ozen azalarazi nahi dute.

Urtarrilaren 10eko manifestazioaren xehetasunen aurkezpenean aurpegi ezagunak izan dira. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko ehun herritarrak heldu den urtarrilaren 10ean Bilbon izanen den manifestazioaren xehetasunak eman ditu. Martxa Casillatik eta udaletxetik abiatuko da aldi berean, sakabanaketaren aurpegi lazgarria lehen pertsonan bizi duten senitartekoak aitzinean direla. Bizkai eta Arabako senideak Casillatik abiatuko dira, eta Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoak, udaletxetik. Astero sakabanaketaren distantzia leuntzen duten furgoneten gidari boluntarioek ere parte hartuko dute. Zabalburu plaza izanen da elkargunea. Bertan, ekitaldi xume baten bidez «argi dugu!» ozen azalarazi nahi dute.

Aitzinetik Zabalburun bildutako pertsona bakoitzak argia ematen duen euskarri bat izanen du, une zehatz batean altxatu eta munduari erakusteko: «Orain. Maintenant. Ahora. NOW! Euskal Herrira!». Argi kolektiboari indarra emanez, garraisirik ozenena baino eraginkorragoa izanen den ahotsa altxatzea da ideia. Horregatik, mobilizazio isila izatea proposatu dute, baita pankartarik gabekoa ere. Hainbat sektore hurbiltzeko asmoz. «Norberak bere leku eta espazioa naturaltasunez hauta dezan eta guztion artean eraikitzen dugunari balioa emanez».

Hori dena posible egiteko, 700 bat boluntario beharko dituztela kalkulatzen dute eta nowbilbora.org atarian emanen dute aukera norberak bere aletxoa jartzeko. Aurki, ‘Bolondresak’ atalean, zertan lagundu, nola… informazio guztia jarriko dute.

Sarea osatzen duten herritarren ordezkari, hainbat lagun gonbidatu dituzte manifestazioaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpenera. Arlo ezberdinetako pertsonak dira: Teresa Toda, Agus Gorbea, Beñat Gaztelumendi, Ramon Agirre, Mercedes Zulaika, Mireia Mochales, Pello Zabala, Jesus Viñaspre, Danele Sarriugarte eta Maider Alustiza.

Hauek presoen afera euskal jendartearen mahaiaren erdian aurkeztu nahi izan dute, batez ere, «urgentzia nabaria» duelako: «Egunero euskal preso eta beraien senideen giza eskubideak modu sistematikoan urratuak izaten ari direlako, hain zuzen ere». Amaitzear dugun urtea sakabanaketa politikaren 25. urtemuga krudela izan dela oroitu dute eta erran dute ezin dela zain segitu. «Herri honek zilegi du giza eskubideen aldeko jarduna. Horregatik gaude hemen», aldarrikatu dute. Nitasunetik gutasunera igarotzea ikusten dute biderik onena, eta «gu» horretara borondate bera duten herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Kazetarien galderei erantzunez, EAJk alderdi bezala manifestazioan izanen ez dela egin duen iragarpenaren inguruan, presoena giza eskubideen auzia dela adierazi du Teresa Todak. «Urraketa oso krudela da, eta den bezala begiratu behar zaio, kontu politikoak alboratuz», defendatu du.