INFO

Salaketa eta deialdi ugari Alejo eta Rodriguezen heriotzak gaitzesteko

Amelia Rodriguez eta Mari Luz Alejo, azken honen senar Benito Quintairosek hil zituen, polizia etxean aitortutakoaren arabera. Itxura batean gaur pasako da epailearen aurretik. Bien bitartean, bi emakumeen heriotzaren salaketak handik eta hemendik iritsi ziren. Hiriburu eta herri hainbatetan egingo dira gaur iluntzean protesta ekitaldiak, baina bereziki hildakoen herrian, Abadiñoko Matiena auzoan, egingo denera bertaratzeko deia egin dute.


Bezperan lotzen hasiak ziren hari muturrak atzo goizean batu ziren erabat. Amelia Rodriguez Sardon eta Mari Luz Alejo Rodriguez ama-alabak, azken honen senarrak, Benito Quintairosek, hil zituen. Efe agentziak ikerketa iturriak aipatuz jakinarazi zuenez, bi emakumeak hil zituela onartu zuen gizonak Durangoko ertzain-etxean, emandako bertsioak zentzurik ez eta ertzainek presio egin ziotenean. Era berean, egindakoaren gaineko erantzukizuna ezkutatzeko, bere jabetzako aroztegira jo, hari su eman eta bere burua lotu zuela ere aitortu zuen 55 urteko gizonak, iturri berberek aditzera eman zutenez.

Bi emakumeen hilotzak asteazken goizean topatu zituen senide batek Abadiñoko Matiena auzoko beren etxebizitzan; hain justu ere, Quintairosen enpresan, Apatamonasterioko (Atxondo) Artia auzoan dagoen Zuhaitz Aluminio Madera SLn, gertatutako sutearen berri eman eta senarra erietxera eraman zutela ohartaraztera bertaratu zen, etxean telefonoari ez ziotela erantzuten ikusita.

Oraindik ez dira ezagutzera eman 54 eta 88 urteko bi emakumeei egindako autopsiaren emaitzen xehetasunak, baina polizia iturriek baieztatu dute biek ala biek indarkeria zantzu nabarmenak zituztela eta erasotzaileak «kolpeka» hil zituela. Ikertzaileak atzo berriz bueltatu ziren gorpuak topatu zituzten lekura, gertatutakoa argitzen lagunduko duten datu gehiago batzeko.

Hasieratik lotu ziren bi gertaerak, baina haien arteko korapiloaren inguruan hipotesi asko zabaldu ziren, hasiera batean behintzat senarra bera lotuta eta zaurituta topatu zutela zabaldu zenean. Ospitalean senda-agiria eman eta ilunabarrean heriotzekin lotuta Quintairos atxilotu egin zutela baieztatu zen, eta begi guztiak haren gainean jarri ziren.

Alejo eta Rodriguezen heriotzen erantzulea bera zela aitortuta, atzo iluntzean oraindik ere Durangoko polizia-etxean jarraitzen zuen bi emakumeen heriotza bere gain hartu duen gizonak, eta antza, gaur pasatu daiteke epailearen aurretik. Europa Press agentziak Ertzaintzaren iturriak aipatuz aditzera eman zuenez, Quintairosek aitortu du arrazoi ekonomikoen inguruan izandako eztabaida baten ondotik hil zituela bi emakumezkoak.

Ama-alabei dagokienez, gaur arratsaldean egingo dira euren aldeko hileta elizkizunak, 18.00etatik aurrera, Abadiñoko San Trokaz elizan. Ondoren, manifestazioa izango da euren heriotza eta oro har emakumeen aurkako indarkeria keinu guztiak salatzeko, 19.30ean Kiosko plazatik abiatuta herriko kaleak zeharkatuz.

Ez da bakarra izango. Abadiñon gertatutako heriotzen salaketa eta hori ozen egiteko deialdiak handik eta hemendik iritsi baitziren atzo egun osoan zehar.

«Ez da kasu isolatua»

Herritik bertatik, salaketa irmoa egin zuten bai auzokideek, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko leiho hainbatetan zintzilikatu zituzten kartelen bitartez, bai antolatutako emakumeek. Abadiñoko pertsona hainbat batzen dituen Durangaldeko Mugimendu Feminista bereziki «gogaituta» agertu da Alejoren eta Rodriguezen heriotzen aurrean, eta horiek salatzearekin batera, aurretik gertatutako erasoen kontestu berean kokatu nahi izan ditu. «Azken urte eta erdian Abadiñon gertatzen den hirugarren erasoa da hau, eta gogaituta eta haserretuta gaude ez direlako inondik ere kasu isolatuak», adierazi du Itsaso Gangoitia mugimenduko kideak.

Pausoz pauso joan nahi dute, eta lehenik eta behin, herrian gertatutako bi hilketak salatzea dagokiela azaldu du. Hori dela-eta, gaur Matiena auzoko Kiosko plazatik arratsaldeko 19.30ean abiatuko den manifestaziorako deia egin die herritar guztiei. Aurrera begira, ordea, «herri gisara erantzuna» eman behar dela uste dute, eta horregatik, herriko eragile desberdinak elkarlanean jartzeko ahalegina abiatuko dute, emakumeen aurkako indarkeriaren «lanketa sakon eta egokia» osatzeko helburuarekin.

Komunikazio arloan ezarri beharreko irizpideez ere mintzatu zen Gangoitia, batetik, «gertatutakoaren inguruko informazioa guztia komunikabideen bitartez» jaso dutelako herrian, eta bestetik, ez dituztelako begi onez ikusi alkateak egindako adierazpenak. «Ez da kritikan aritzeko unea, baina hitz egin beharko dugu kasuon aurrean erakutsi behar den erantzukizunaz, eta adierazpen hainbatek eragin dezaketen minaz», aipatu zuen.

Abadiñoko alkate Juan Luis Navarrok (Abadiñoko Independienteak) bezperan egindako hitzek sare sozialetan hainbat kritika jaso dituzte. Navarrok bi emakumeen heriotzak indarkeria matxistaren ondorio izatea «oso arraroa» zela nabarmendu zuen, bikotea «oso ezaguna» zelako eta «itxura batean, harreman ona» zutelako. Jakina da, ordea, emakumeen aurkako indarkerian ezin dela perfil zehatzik egin ez biktimari dagokionez, ez erasotzaileari dagokionez.

Bestalde, herrian bertan, atzo goizean, Alejoren lankide izandakoek beren lanpostuak utzi, lantokiaren atarira irten eta bost minutuko isilunea egin zuten bi emakumeen heriotza salatzeko. Uztailean hartu zuen erretiroa Alejok 40 urtez Abadiñoko CIE Inyectametal enpresan lan egin ostean. Saminduta, Alejok erretiroa hartuta buruan zituen asmo eta proiektuez mintzatu ziren haren lankide izandakoak.

Hiriburu eta herrietan

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak kasuon aurrean abian jartzen duen protokoloa abiatu zuen, eta protesta deialdiak egin zituen gaurko hiriburu eta herrietako ohiko leku eta orduetan. «Amorrua, nekea eta haserrea» adierazi zituen emakumeen aurkako indarkeriak etenik ez duela ikusita, eta gogora ekarri zuen, amaitzear dagoen urtean bertan Euskal Herrian «bost emakume erail dituztela» eta heriotza horiei bortxaketa eta eraso hainbat gehitu behar zaizkiela, asteburu honetan bertan Iruñean izan den eraso sexista kasu.

Emakundek ere oharra kaleratu zuen eta gaitzespena azaltzearekin batera, «gizarte guztiak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan duen erantzukizuna» nabarmendu zuen. «Gizarte osoaren inplikazioarekin bakarrik eta emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko behar diren balio aldaketekin lortuko da, egun batean emakumeen kontrako indarkeria amaitzea», adierazi zuen.

Alderdi politikoek ere agertu nahi izan zuten beren gaitzespena. EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo goizean Bilbon. Indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela ekarri zuen gogora, «kolektiboa» dela, eta horrenbestez beharrezkoa dela hari erantzutea. Neurri zehatzak proposatu zituen, besteak bestea, prebentziorako neurri tekniko eta ekonomikoak handitzea eta hezkuntzan lerro propioa lantzea, berdintasuna erdigunean kokatuta.

PSE alderdiak ere oharra kaleratu zuen, eta bertan nabarmendu zuenez, heriotza hauek agerian uzten dute emakumeen aurkako indarkeria, atzera egitetik urruti, «gure artean oso presente dagoen gaitza dela». Horregatik, instituzioei «eskura dituzten ahalegin guztiak egiten jarraitzeko» deia egin zien.

Gasteizko Parlamentuan, bestalde, minutu bateko isilunea egin zuten eguerdian gertaerok salatzeko.