INFO

Arantza Zulueta kartzelan jasaten ari den isolamendu egoera salatu dute Bilbon

Arantza Zulueta abokatuaren lagunek agerraldia egin dute Bilbon bere askatasuna eskatu eta joan den urteko urtarrilean atxilotua izan zenetik kartzelan pairatzen ari den isolamendu egoera salatzeko.

Zuluetaren askatasuna eskatzeko agerraldia burutu dute. (ARGAZKI PRESS)

Arantza Zulueta joan den urtarrilaren 8an atxilotua izan zen Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Bitartekaritza Taldearen kontrako sarekadan. Abokatuaren lagunek salatu dutenez, urte osoan zear isolamendu egoeran izan da kartzelan eta lau orduz bakarrik atera daiteke patiora.

Agerraldian azaldutakoaren arabera, polizia operazio berdinean atxilotutako Jon Enparantza egoera berdina pairatzen ari da. Zuluetaren lagunen ustez, jasaten ari diren egoera Gobernu espainiarraren «mendeku ankerra» eta «tortura» besterik ez dira pertsona suntsitzeko.

Ildo horretan, Zulueta eta EPPKren Bitartekaritza taldeko kideak aske uztea eskatu dute «bakea egonkortu eta gatazkaren ondorioak gainditzeko lanean» ari zirela nabarmenduz.