Aktak euskaraz bidaltzen jarraituko du UEMAk
Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok helegiteak jarri ditu 13 udalerriren kontra aktak euskaraz bidaltzeagatik. UEMAren Batzar Nagusiak udal hauek babestea erabaki du eta Zerain kide berri besala onartu du.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Batzar Nagusia burutu du larunbat goizean Zumaian. Bertan, Zerain UEMAko kide izatea onartu du eta dagoeneko, lau herrialdeetako 73 udalerri bilduko ditu UEMAK.
Gogora ekarri dutenez, Espainiako Gobernuaren ordezkariak helegitea jarri diola Zeraingo udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiari. Ildo horretan, aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki duten udalak babestuko ditu UEMAk.
Aduna, Arama, Antzuola, Bergara, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalek aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dute eta helegiteei aurre egiteko bideari ekingo diote epaitegietan. UEMAren aholkularitza juridikoa baliatuko dute udalek horretarako. Eta Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa izango da defentsarako oinarria.
Espainiako Gobernu ordezkaritzak jarritako helegiteei «bat eginda» erantzun beharra aldarrikatu dute eta UEMA instituzio eta eragileekin harremanean ari dela adierazi dute.