Alberto Plazaola atxilotzen saiatu da Guardia Zibila
Auzitegi Gorenak Alberto Plazaola eta Santiago Arrozpide aske uzteko erabakia baliogabetu ondoren, Guardia Zibila Plazaola oñatiarrra atxilotzen saiatu da, baina ez du etxean aurkitu.
NAIZek jakin ahal izan duenez, Alberto Plazaola atxilotzeko saiakera egin du Guardia Zibilak Oñatiko bere etxean.
Lekukoek azaldutakoaren arabera, gaueko 23.00ak aldera, Guardia Zibilaren zortzi ibilgailu inguru joan dira Plazaolaren etxera Auzitegi Gorena espainolaren ebazpena bete eta Plazaola atxilotzeko asmoz.
Ordu erdi bat eman dute guardia zibilek etxebizitza barruan eta, ondoren, senide batzuekin jaitsi dira kalera, baina Plazaola ez zegoen beraiekin.
0.30 igarota egin dute alde.
Hainbat herritarrek txalo eta oihuekin babesa adierazi diote Plazaolari eta haren familiari. Arratsaldean mobilizazio jendetsua egin dute Oñatin.