INFO

AHTaren aurkako giza kate bat egingo dute Iruñean apirilaren 11n

AHT Gelditu elkarlanak, Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak datorren apirilak 11rako Iruñean giza kate bat egiteko deia zabaldu dute. Honen harira hainbat sindikatuk, kirol taldek eta kultur elkartek partekatu duten manifestu bat argitaratu dute.

AHTaren aurkako giza katea aurkeztu dute Iruñean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Datorren apirilaren 11n, AHT Gelditu elkarlanak, Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak giza kate bat antolatuko dute Iruñean Abiadura Handiko Trenaren aurka. Katea Sarasate pasealekutik aterako da 12:30ean.

Albiste hau zabaltzearekin batera, manifestu bat argitaratu dute, trenaren «zentzugabekeria gelditzeko» nahikoak jotzen dituzten bederatzi arrazoi jasotzen dituztelarik. Hainabt sindiaktuk, kirol taldek eta kultur elkartek sinatu dute dokumentua. «Nafar gehienen behar sozialetatik hain urruti dagoen proiektu eztabaidagarri hau geldi dadila eskatzeko balio digu», azaldu dute.

«AHTk dagoeneko heldulekurik ez dauka», adierazi dute. Zentzu honetan, azpiegitura hau «zentzugabeko xahuketa ekonomiko bat» dela iritzi dute. Era berean, Abiadura Handiko Trena abiadura handikoa ez dela izango azpimarratu dute: «Inongo loturarik gabeko 65 kilometroko tren txu-txua, merkantziak eramanen ez dituen trena, ibilbideetan minutu gutxi batzuk aurreztuko dituen trena, errentagarritasunik gabekoa eta nafar gehiengoarendako erabilgarritasunik ez duena», defini tu du.

Hortaz, tren defizitario bat dela nabarmendu dute, eta gainera, erabilarritasunari dagokionez, AHT abian jarri ezkero, oinarrizko tren zerbitzu askoren etetea suposatuko lukeela azaldu dute. «Hau nahikoa ez balitz, AHTren lanak Nafarroan legaltasun babesik gabe burutzen ari direla gogorarazi nahi dugu Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak orain dela urte bat ebatzi bezala».

«Nafarroan botere ekonomikoa eta politikoa duen gutxiengo horren irizpideak inposatzeari ezetz esaten diogu», azpimarratu dute. Azkenik, gizarte zerbitzu, hezkuntza edo osasungintzan diru hori inbertitzearen alde agertu dira.