Ipar haizeak ere badakar zerbait epel
Lehen ediziotik hemeretzigarren honetara, Korrikak planetari buelta emateko adina kilometro egin ditu euskararen alde. Denak desberdinak, denak ilusio beraz hornituak. AEKren lasterketa ez zen oraindik Urepeletik pasatua, horregatik izan da hain berezia bertatik abiatzea. Jendearen erantzuna, bikaina: Xalbadorren herria euskahaldunez gainezka eta periferia zentro bihurtuta.
Aldudeko haranera hurbildu ahala, motxilaz lagundutako kuadrillak bide bazterrean autobusaren zain, leporaino betetako autoak, eta irribarrea haien eta gure ezpainetan: «Hauek ere Korrikara doaz!». Ez ezagututa ere, agur egiten diogu elkarri. Ondarroatik datoz, eta Bilbotik, Azpeititik, Sakanatik... Eta karrika estuek zabal hartu dituzte denak.
Besta giroan iragan da eguna, paraje hauetan ohikoa denez kantari eta dantzan, eta guztiek batera erran dute: «Bagaza!». Eta guztiek batera frogatu dute duela urte batzuk erokeria handi bat zirudien arren, hemen gaudela. «Euskaraz bizitzera bagaza!» egin dute oihu.
Herria jendez lepo dago eta zaila da agertokira ailegatzea ekitaldia ikusteko. Pasillo bat ireki dute herritarren artean zintekin, bertatik aterako da lasterketa eta lekua egin behar zaio. «Euskaldunok euskaraz komunikatzea gauza normala bilakatu behar dugu», aldarrikatu du AEKren ordezkaritzak oholtzatik. «Ez dezagun gal eskualdun egiten gaituena!». Aurreskua lekukoari, txalo beroen indarrez. Asier Amondo Korrika arduradunak harrotasunez erakutsi du ikurrina lepoan daraman makila preziatua. Eskuz esku Bilbora arteko bidea eginen duen mezua sartu dio xuabe-xuabe, eta emozioz beteta astindu du berriz, animo artean.
Ametsei bide emanez
Orduan, Peio Iputxa eta Laida Etxemendi AEK-ko irakasleak eta lehenbiziko lekuko eramaileak goititu dira oholtzara. Oraindik bostak jotzeko bi minutu falta dira, baina jada saltoka ari dira, gogoari ezin eutsiz. Kalean, jendea ere hala dabil, Korrikaren kantaren erritmora, bakoitza bere urratsak gehituz norabide berari, eta, Maddalen Arzallusek kantatu bezala, ametsei bide emanez urrats berri bakoitzean. Momentu hartantxe pentsatu dugu: hala, norabide berean joanez gero, munduari itzulia egiteko gai izan bagara, zer ez ote dugu egiten ahalko?
Altxaferoekin batera abiatu da lasterketa, ikasleek egindako zigante (erraldoi) handi eta ttikiak tartean direla, baita Anhauzeko joaldun basajaunak eta Amikuzeko joaldunak ere. Han daude, kamiseta berdeak soinean, baxoa euskaraz eskatuz, makina bat gazte. Eta aurten, jai eguna aprobetxatuz, lehendabizikoz Korrikaren hasieran diren Azpeitiko neska-mutilak, goizean etorri eta egun pasa ederra egin dutenak. «Ez genuen espero hainbeste jende etorriko zenik. Denetik dago: gazte, ume, adineko... Oso herrikoia da», adierazi dute.
Barneko istorioak
Zapatilak jantzi dituzte goizeko hamaiketatik Urepelen diren Galdakaoko bi lagunek ere. Herria ttikia dela kontuan hartuta, gainerakoek bezala, autoa ondoko herrian, Alduden, aparkatu eta oinez ailegatu dira. «Hiru kilometro ibili gara, bueltaxka bat eman dugu erreka ondotik, gustura, aspaldiko lagunak ikusiz», kontatu dute. Xalbadorren omenaldira etorrita ezagutzen zuten Urepele.
Beraien asmoa Bankaraino lasterka egitea da, malda behera aprobetxatuz. Lagunetako batek oroitu du aurreneko Korrikan bere eskualdeko arduraduna izan zela. AEK-ko irakaslea izana da hainbat urtez eta ongi gogoan du ze estualdi izan zuten kideak eta biek Korrika Lagun txartela Bilboko Kale Nagusian eskaintzeko lana eman zietenean. «Sekulako apuroa pasa genuen pentsatzen genuelako ez genuela erosteko prest zegoen jenderik aurkituko, baina sorpresa handia hartu genuen. Uste genuena baino euskaldun gehiago topatu genuen. Harrituta gelditu ginen ikusita zenbat euskaldun zegoen Gran Vian eta zein ondo hartu gintuzten. Ni 9 urte nituenetik bizi nintzen Bilbon eta ez nekien!», adierazi du, oraindik aurkikuntzarekin txundituta.
Elkarrizketa gehienetan bezala, hasieran mesfidati antzean hasi dira solasean, baina gero askatzen joan dira, oroitzapenak eta istorioak harilkatzen... Izan ere, zenbat istorio gordetzen dituen Korrikak...
Disfrutatzen
Aurizberriko Aitor Urepelez disfrutatzen ari da, peto horia jantzita lan pixka bat egiten duen bitartean. Trafikoa zuzentzea eta jendeari argibideak ematea da bere lana. «Gaur da eguna euskaldunok harro sentitzeko eta euskara babesteko», azaldu du kontent. Ondoan, Michele eta bere irakasle kideak Ortzaizeko ikastolako 70 umerekin dabiltza, denak peto koloretsuz. Lasterketa Urepelen hasteari buruz, «ez da berriz gertatuko, beraz parada baliatu behar», dio. Ortzaizen, ikastolaz gain, bi ikastetxe elebidun daude. Hirurek elkarrekin egin dute Korrika Txikia.
Jendetza doa lasterka Banka aldera, eta harrituta galdetu dio korrikalari batek bertzeari nondik atera diren hainbertze lagun, ilara ez baita bukatzen. Kaleak beteta zeuden, baina hainbertze? Etxe barrenetan gehiago gordeko ziren beharbada, eta haize epelarekin aterako ziren... Xalbadorren semeak, Michel Airek, abestu zuen gisan: «Negu guzia iragaiten da hemen triste eta motel/ bainan gaur ipar haizeak ere dakarkigu zerbait epel/ jende maiteok zuek edertu duzue zinez Urepel/ ta Korrikari bidea deusek ez diezaion nehork goibel/ hemendik untsa abia dadin eta Bilbora untsa hel». Korrika on denei!