Sortu: «Madrilek ez du jasaten euskal presoekiko elkartasunik inon ematea»
Guardia Zibilak burutu duen operazioak atzo Bruselan martxan jarri zen ekimenaren «beharra eta garrantzia» baieztatzen duela nabarmendu du Sortuk, eta salatu du espetxe politika dela «Euskal Herrian konponbide agertoki bat egonkor ez dadin Estatu espainolak duen tresna nagusia».
Komunikabideen aurrean eginiko agerraldi batean, Sortuko bozeramale diren Amaia Izko eta Pernando Barrenak gogor gaitzetsi dituzte Guardia Zibilak asteazken honetan burutu dituen lau atxiloketak eta, gainera, atzo Bruselan egin zen ekitaldiaren inguruko analisia plazaratu dute.
Nabarmendu dutenez, gaurkoa bezalako operazioen bidez, PPk konponbide prozesua «lehertu» nahi du eta, zentzu horretan, azpimarratu dute espetxe politika «deliberatuki okertzeaz» gain, euskal presoei sostengu politikoa, soziala, ekonomikoa zein osasun arreta izan dituela «PPren beso armatua den Guardia Zibilak: Herrirako kideak, bitartekaritza taldekoak, abokatuak, Etxeratekoak eta Jaiki Hadikoak izan dira atxilotuak eta hainbat espetxeratuak».
Izkok eta Barrenak azaldu dute gaur atxilotuen artean presoei osasun arreta ematen dieten lagunak daudela. «Beharrezkoa da presoei sostengu medikua eskaintzea espetxe barruko arreta eskasa delako, desegokia, berandu emana eta, kasu askotan, propio ukatua presoak fisiko eta sikikoki deusestatzeko», esan dute.
«Madrilek ez du jasaten euskal presoekiko elkartasunik inon ematea», aldarrikatu dute Sortuko eledunek, Europan egiten ari diren salaketak ere aipatuta. Izan ere, gogoratu dutenez, Urkulluk Etxeratekin eginiko batzarraren ondotik, Etxeratek Bruselara egin zuen bidaia eta gero eta atzo Bruselan egin zen ekitaldiaren ondoren iritsi dira atxiloketak.
«Espainiako Gobernuaren posizioa, espetxe politikari dagokionean, ez du inork babesten Espainiatik kanpo eta atzokoa horren isla da», nabarmendu dute. Arnaldo Otegi eta gainerako euskal presoen aldeko adierazpenak erresoluzio prozesuaren lehentasuna sakabanaketa eta urrunketarekin bukatzea erakusten du, Sorturen ustez.
Horrez gain, argi uzten du, esan dutenez, «nazioarteko komunitateak gertutik jarraitzen duela bake prozesuaren garapena». «Adierazpenak ez du posizio politiko baten edo besteren alde egiten; bakearen beharrean eta eskubideen errespetua eskatzean kokatzen da eta hori gure ustez guztiz zuzena eta txalogarria da», azaldu dute.
Sinatzaileen maila ere azpimarratu du Sortuk, erakusten baitu «ez gaudela bakarrik bakea eta demokrazioaren eskakizunean Espainiako Gobernuaren aurrean».