INFO

Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera egingo dute Donostian 2016ko abenduan

Kontseiluak eta Donostia 2016k Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera aurkeztu dute gaur Miramar jauregian. Urte eta erdi baino gehiagoko bidea dute aurretik; hizkuntza eskubideak gauzatzeko protokoloa osatuko dute aurrerantzean nazioarteko adituekin. 2016ko abenduan aurkeztuko da eta mugarria izango dela aurreratu dute.

Donostia 2016 eta Kontseiluko ordezkariak, goi bilera aurkezten. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

1996an Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aurkeztu zen Bartzelonan. Hizkuntza gutxituek zituzten eskubideak zehaztu ziren bertan, ordura arteko mugarri bat ezarriz. Baina zer egin horiek praktikara eramateko? Horixe da hain zuzen Kontseiluak eta Donostia 2016k gaur aurkeztu duten Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileraren helburua. Gizarte zibila motore izan dadila eskubide horien gauzapenean.

Goi bilera 2016ko abenduan egingo da eta bertan aurkeztuko da protokoloa. Ordura arte, urte eta erdi baino gehiagoko epea dute ibilbide orriaren hezurdura diseinatzeko.

Talde eragilearen aurkezpena egin da gaur Donostian; ECMI, ELEN, LINGUAPAX International, PEN International, CIEMEN eta UNPO nazioarteko erakundeak izango dira antolatzaile talde honetan. Hala, antolatzaile taldearen eratze-agiria sinatu dute gaur.

Paul Bilbao Kontseiluko lehendakariak nabarmendu duenez, egitasmo horren helburua hizkuntza eskubideak gauzatzeko tresna bat sortzea da. «2016ko abenduan guk lehen alea jarriko dugu. Baina 2017ko urtarriletik aurrera bizi propioa izango du erreminta berri horrek». Horrez gain, elkarbizitza eta bakea ere jarri ditu jomugan, hizkuntza eskubideak bermatzeak bide horretan lagunduko duelakoan baitago. «2016a mugarri bat izango da, ez bakarrik gure alde, baita Europako hizkuntza anizatasunaren, bakearen eta elkarbizitzaren alde ere», ohartarazi du.