Oier Oa aske geldituko da etzi, baina konfinatua izan daitekeela ohartarazi dute
Oier Oa larunbatean geldituko da aske, bere abokatuak, Xantiana Cachenautek, Estatu frantseseko leku zehatz batean bizitzea behartua izanen dela uste du. Atera baino lehen zehaztuko diote. Euskal presoaren familiak Larresoron beraiekin bizi dadila eskatu du, eta herrian manifestazio baterako deia egin dute.
Duela lau urte preso dago preso Oier Oa eta apirilaren 4an aske geldituko da. Xantiana Cachenaut abokatuak Estatu frantsesak toki zehatz batera bizitzea behartuko duela uste du, baina ez dakite non. Euskal presoaren familiak Larresoron aske gelditzea aldarrikatu du. Oari babesa adierazteko, apirilaren 11an Larresoron manifestazio bat deitu dute, arratsaldeko 17.00etan aterako dena.
«Atera baino minutu batzu lehenago, Oierrek jakinen du nora bidalia den. Horretarako Barne Ministeritzak ados den prefektura bat atzeman behar du», azpimarratu du abokatuak, Kazeta.eus-ek aipatu duenez.
Cachenautek antzeko kasuak agertu direlarik, presoak Ipar Euskal Herritik oso urrun bidaliak direla zehaztu du. Horrela gertatzen bada, abokatuak «administratiboa» den bidea hartzen ahalko dela zehaztu du, toki aldaketa bat eskatuz.
Manifestazioa Larresoron
Iragan den martxoaren 28an, familiak Oier Oa Larresorora joan ahal izateko elkartasun kanpainaren emaitzak iragarri zituen. Hain zuzen ere, 1.200 atxikimendu bildu ditu. Besteak beste, Jatsu, Hazparne, Kanbo, Makea, Biarritz eta Luhusoko auzapezek adierazpenarekin bat egin dute.
Oier Oaren egoera salatzeko, apirilaren 11an Larresoron manifestazio bat egingo dute. «Espero dugu hemendik data horretara, bere etxera sartua izanen dela, Larresorora», adierazi du familiak.