Bizi osorako zigorrak salatzeko ekitaldia egin dute Senperen
250 pertsona inguru elkartu dira Senperen euskal presoek pairatzen ari diren egoera salatzeko Bagoaz kolektiboak antolatutako ekitaldian. Laister kartzelan 25 urte beteko dituzten Parot anaiak, Haranburu eta Esnal gogoratu dituzte.
Arratsaldeko bostetan hasi da testigantzez eta hitzartez betetako ordu eta erdiko ekitaldia Senperen. Bagoaz kolektiboak antolatutako ekitaldian gai desberdinak jorratu dituzte. Alde batetik 80. hamarkadan jasan behar izaten zituzten egoera latzak eta, batez ere, torturak izan dituzte mintzagai. Era berean, Jokin Aranaldek azken aldiz atxilotu zutenean pairatutakoen berri eman du. Pakito Lujanbio preso ohiak, berriz, bizi osorako zigorren inguruan aritu da.
Ekitaldi hau antolatzeko aitzakia lau presok hilabete honetan kartzelan daudela 25 urte beteko dituztela da. Unai Parotek 32 urte zituen atxilotu zutenean, egun 57 ditu eta Puerto de Santa Marian dago; bere anaia Ion Kepa Parotek 39 zituen eta egun 64, Mureten dago; Jakes Esnalek adin berdina dauka eta Ile de Rén dago; eta Frederik Haranburuk 36 zituen, egun 61 eta Lannemezanen dago.
Lau preso hauen familia ere present egon zen ekitaldian; seme-alabek urte luze hauetan bizitakoaren berri eman dute. Ekitaldiaren amaieran Bagoaz-eko Emilie Martinek eta Laurence Hardouinek hartu dute hitza.
Azaldutakoaren arabera ekitaldia ez da ospakizun bat edota omenaldi bat izan, baizik eta presoei herri honen historiaren eta etorkizunaren parte direla adierazteko modu bat. Euskal preso eta iheslari guztian Euskal Herrian izan arte borrokan segitzeko deia egin dute eta azpimarratu dute badela garaia Estatu frantses eta espainolak konponbideari ekiteko.