EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI
Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, 2015eko Aberri Egunean, Euskal Herriaren egoeraren eta etorkizunaren inguruan egiten duen hausnarketa helarazi nahi dio Euskal Herriari:
Aldarrikapena eta ospakizuna uztarturik dator Aberri Eguna aurtengoan ere, zapaldua segitzen duen baina aske izateko ilusioari eusten dion herriaren lekuko. Gaur Independentziaren aldarrikapena ozen entzungo da Euskal Herrian zehar. Ez da bart arratseko aldarrikapena, baina gaurkotasun osoa du egun, menpekotasunak Euskal Herriari eta euskal herritarrei dakarkien kaltea gero eta agerikoagoa baita; azken garaian, are eta nabariago eremu sozio-ekonomikoan. Diru-goseak sorturiko krisia aitzakiatzat hartuz ezarritako eskubide murrizketek langile eta herri sektoreentzat prekarietatea eta eskasia baino ez dute ekarri. Menpekotasunak, askatasun falta eta herri nortasuna garatzeko galga ez ezik, pobrezia eta baliabide propioak kudeatzeko ezintasuna ere badakartza berarekin.
Euskal Herria oraino libre ez den arren, Aberri Eguna ospakizunerako data ere bada. Mendeetan zehar ukatua eta neurriz gora zigortua, bizirik eta aske izateko ahaleginean jarraitzen du Euskal Herriak.
Gurean, genozidio saiakerarik izatekotan, Espainia eta Frantziako estatuek Euskal Herria desagerrarazteko garatu dituzten estrategien eskutik etorri dira halakoak. Noaingo landetatik Sarako mendietara, Sartagudako errepide bazterretatik Gernikako kaleetara, Euskal Herriko luze-zabalean hedatzen dira eraso bortitzenek utzitako zauriak; kartzela eta erbestea euskal familia ugariren historian ageri dira; gure lurraldea zatitu dute, gure hizkuntza etengabe erasotu, ikur propioak debekatu eta ikur arrotzak nonahi inposatu. Edozer gure herria akabatzeko helburuarekin. Estatuek sufrimendu handia eragin dute eta eragiten ari dira, min bidegabea, eta zapalkuntzaren ondorio larriak sakonki pairatzen ari da Euskal Herria. Baina ez dute beren helburu politikoa lortu. Hartara, Aberri Eguna herri izaera harrotasunez erakusteko eguna ere bada.
Euskal Herria bizirik soilik ez, askatasunerako bidean urrats erabakigarriak egiteko erronka historikoan aurkitzen da. Besteak beste, honako arrazoi hauengatik:
• Estatuek ez dute inolako eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat. Entzungor egiten diete Euskal Herriko aldarrikapenei eta gero eta zilegitasun gutxiago dute gure herrian.
• Autonomismo hutsalaren defentsak gero eta bide estuagoa du, estatuen inposizioari aurre egiteko eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren beharrizanei erantzuteko ez baitu irtenbiderik eskaintzen.
• Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea behar duela inoiz baino nabarmenagoa da.
• Sakoneko aldaketak gertatzen ari dira; azken aldian, modu berezian, Nafarroa Garaian eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Nafarroa Garaian duela gutxi arte ukiezina zirudien erregimena kolokan dago eta aldaketa eskatzen duten ahotsak egunez egun biderkatzen ari dira. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezkerreko abertzaleak indartzen ari dira eta duela gutxi arte beraienak soilik ziren aldarrikapen eta ikuspuntu asko jendartearen gehiengoak bere egin ditu.
• Sistemaren alderdien ohiko politikaren zilegitasun galerarekin batera, gero eta herritar gehiagok erabakien protagonista zuzena izan nahi du.
• Ezker abertzalearen estrategia aldaketak aliantza berriak ehuntzea ahalbidetu du, eta sektore berrietara iristeko aukera sortu.
Hala eta guztiz ere, akatsa litzateke aldaketa erraz etorriko dela pentsatzea. Duela lau urte abiarazi zen ziklo politikoaren bilakaerak erakutsi digunez, botere eremuetan aldaketarako baldintzak indargabetzeko interes handiak dituzte. Sistemaren krisi sakonaz jabeturik, dutenarekin eta ez dutenarekin saiatzen ari dira.
Frantzia eta Espainiako estatuak dira ahalegin zital eta antidemokratiko horren buru. Gatazkaren konponbidearen aukera saboteatu, eta inposizioa areagotzeko urratsak baino ez dituzte egin urteotan. Haien itzalpean, Espainiaren menpeko Euskal Herriko alderdi politikoak ditugu. Aurrera egiteko aukera oro oztopatzen dute, herritarren babesari esker lortzen ez dutena inposizioaren bidez irabazteko asmoz. ETAren borroka armaturik gabe dena omen zen posible, baina orain ez dira eztabaida demokratiko oinarrizkoenari ere eusteko gai.
Eta, oro har, bada aldaketari hesia jarri nahi dion elite politiko eta ekonomiko bat; betiko pribilegiatuak, bizitza politikoan bitarteko boteretsuekin eragin ohi dutenak. Azken hilabeteotan, komunikabide talde garrantzitsuenak edota enpresarien elkarteak haustura ekidin eta “statu quo”-ari eusteko egiten ari diren deiak ahalegin bateratu horren isla dira. Ez dute inon haize freskorik nahi, eta betiko modura nahi dituzte botere gune eta erakundeak. Nola ulertu behar da, bestela, duela lau urteko hauteskundeetan Bilduk eskuratu zituen ardura instituzionalak erasotzeko eta higatzeko burutu den estrategia antolatu eta sistematikoa?
Tamalez, ikuspegi horrekin bat egin dute PNVko buruzagiek ere, militante eta jarraitzaile askok eta askok itxaropenez eta gogo biziz hartuko lituzketen beste bide batzuk jorratu beharrean. Aukera izan du, oraindik ere badu. Baina, haatik, oraingo helburu politiko nagusia, gorena finkatu du, alderdiko buru batek aitortu berri duenez: EAEko hiru hiriburuen alkatetzak eta hiru aldundiak bereganatzea, horretarako une historiko honek eskaintzen duen aukera paregabea zimeltzen utzi behar badu ere. Bidaideak egin nahi den bidearen adierazle dira, eta PNVk ezkerreko soberanistekin elkarlana baztertu, eta hitzarmen garrantzitsu guztiak Euskal Herria ukatzen duten alderdiekin egin ohi ditu. Zoritxarrez.
Testuinguru honetan, epe motz-ertainean estatuekin erabakitzeko eskubidea bilduko duen akordiorik lortzeko aukera ez dagoela argituta, ezkerreko indar soberanistek “Euskal Bidea” izeneko eskaintza politikoa aurkeztu dute, eta euskal eragile eta herritar ororekin partekatzeko asmoa iragarri dute. Aldaketarako proposamena da, eta edonork aitortu beharko luke –fede txarrez eztabaida politikoa zokoratu nahi ez bada, behintzat– proposamen irekia, egungo egoerari egokitua, egingarria eta erabat demokratikoa dela.
Gauzak horrela, ETAk uste du une historikoa barneratu, ilusioa indarberritu eta lanari gogor eta gogoz ekitea ezinbestekoa dela. Estatuen oldarraldiaren tamainak ez dezala aldaketarako dagoen aukera estali. ETAk ahaleginak biderkatzeko deia egin nahi die euskal herritar guztiei. Eta dei berezia egin nahi diegu urteotan konpromisorik handiena erakutsi duten militanteei, beraien ekarpena ezinbestekoa baita. Independentzia helmuga, erabakitzeko eskubidea giltzarri eta herri prozesua ibilbide, estrategia berritua ahalik eta eraginkorrena izateko ekarpena egin behar du ezkerreko independentista orok.
Nabari da indar soberanistek epe motzeko erronkak jarri dizkiotela beren buruari, hala nola eztabaida politikoa azkartzea eta txoko guztietara eramatea, alderdien logikara soilik mugatu gabe, eta instituzioak aldaketaren norabidean jartzea; izan ere, erakundeen eremua aldaketarik nahi ez duten elite politiko eta ekonomikoen esku uzteak askapen prozesua kaltetuko luke, ezbairik gabe.
Ondorioen konponbidearen alorrean ere erronka galanta dugu Euskal Herrian, Estatuak hortxe eragin nahi baitu etsipena, prozesu osoaren garapena zalantzan jartzeko asmoz. Horrenbestez, askapen prozesua bera sendotzea izango da zepo horretatik ateratzeko modurik eraginkorrena, nazioartera ere, “Arnaldo Otegi askatu, euskal presoak etxera” ekimenaren bitartez, iritsi diren euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko eta kaleratzeko aldarriak Euskal Herrian guztiontzat ekinbide nagusi bihurtu behar diren garai honetan.
Aberri Eguna dugu gaur, euskal nazioa aldarrikatzeko eguna, eta baita egunerokoan eragile eta herritar askok egiten duten nazio eraikuntzaren isla ere. Herrigintzak, hain zuzen ere, balio politiko handia izango du datozen urteetan, Euskal Estatuaren sorrera zerumugan dugunean. Bada herria, bada egitasmoa eta bada bidea, askatasunerantz!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskadi Ta Askatasuna
Euskal Herrian, 2015eko Aberri Egunean