INFO

Dagoeneko 13,6 milioi euro ikergai

«Bidegi auzia» delakoak handitzen segitzen du. Gipuzkoako Aldundiak zabaldutako kereila onartzeko bost egun baino ez ditu behar izan Azpeitiko Auzitegiak. Besteak beste, AP-1ko tuneletan jarritako hormigoia baino dexente gehiago zergatik ordaindu zen ikertuko dute.


Astelehenean, AP-1ean Bidegik ordaindu baina benetan egin ez ziren lan gehiagoren berri eman zuen Gipuzkoako Aldundiak. Eskoriatza eta Arlabanen arteko zatiaz ari zen. Eta egun horretan bertan jaso zuen beste albiste garrantzitsu bat, atzo Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren jakitera eman zuena: Azpeitiko Auzitegiak Arrasate eta Eskoriatzaren artekoari dagokion kereila zabaltzea onartu du.

Hala, diru publikoa «bidegabeki erabili» zelakoan ikertzen ari diren diru kopurua nabarmen igo da, hasierako 3,4 milioi euroei 10,2 gehiago eransten zaizkielako. Hirugarren urrats bat ere gerta liteke, azkenik Eskoriatza-Arlaban zatian agerturikoa ere auzibidean jartzen badu Gipuzkoako Aldundiak.

Epai erabaki honen ondorioz, Larraitz Ugarte ahaldun eta eledunak adierazi zuenez, martxoan auzitegian deklaratu zuten auzipetuak deituko ditu berriz epaileak, 2011ko ekaineko likidazio susmagarria beraiek sinatuko zuten-eta. Haien artean da garai hartan Bidegiko zuzendari teknikoa zen Agustin Zugasti. Irregulartasun hauek baieztatu dituzten teknikariak ere bere aurrean izan nahi ditu epaileak, peritu gisa. Ingeotyk enpresak –EHUko spin-off batetik sortutakoa– egin zuen Arrasate eta Eskoriatzaren arteko tunelen azterketa sakona eta sei irregulartasun larri aurkitu zituen bertan. Horiengatik justifikaziorik ez duten 10,2 milioi ordaindu zitzaizkien zati horren enpresei.

Sei atal hauen artean deigarriena tuneletan jarritako hormigoiari dagokiona izan daiteke. Hau Euskontrol izeneko ingeniaritza enpresak neurtu zuen, eta ordaindutakoa 1,95 metroko «eraztuna» zen arren, benetan paratutakoa 0,81 metrokoa baino ez zela egiaztatu zuen. Tamainan gauza txikia dirudi aldeak, dirutan oso mardula da emaitza: honen ondorioz soberan ordaindutakoa 3,6 milioi euroan kalkulatzen da.

Gipuzkoako Aldundiaren salaketari jarraiki, antzeko egoerak gertatu ziren tunel faltsuei eusteko zangetan, tuneletako ahoen gaineko betetze lanetan, Apotzagako luizien lurra ateratzeko eta garraiatzeko orduan, eta gero bertan kokatutako lurra zein zementua dela-eta. Hauetan guztietan egindakoa baino gehiago ordaindu zuen Bidegik, azkeneko likidazioan emandako neurriek ez dutelako errealitatearekin bat egiten.

«Epaileak ere ‘matonismoa’?»

Aho bizarrik gabe mintzo zen Ugarte, astelehen arratsaldean EAJk zabaldutako oharra buruan zuela. Bertan beste behin ere gezurretan aritzea leporatzen zion Eider Mendoza batzarkideak Aldundiari. Nolabait EAJren aurkako «konplot mundiala» irudikatu nahi duela erantzun zion Larraitz Ugartek, eta Auzitegiaren azken erabakiaren ostean zenbait galdera ere luzatu zizkion, bere garaian Markel Olano diputatu nagusi izandakoak Batzar Nagusietan esandako hitz garratz berdinak erabiliz: «Epailea ere EH Bildukoa ote da? ‘Matonismo’ eta ‘kazikismo’ honetan parte hartzen al du berak ere? Ba ez. Datu serioak dira hauek, txosten teknikoak».

EAJtik harago joan zen Ugarte. Inor aipatu gabe, protesta mezu argia bidali zuen, nolabait Aldundiaren kezka islatzen duena: «Madrilgo ustelkeriaz errazago hitz egiten da, baina hemengo ustelkeriaren inguruan ere serio eta arduraz jokatu behar dugu guztiok». Gizartearen partetiko «gaitzespen berdin-berdina» behar dela baloratu zuen.

EH Bilduko Joxean Agirrek eta Ainhoa Beolak arratsaldean enplazamendu zuzena helarazi zieten Markel Olano eta Eneko Goiari, auziaz «behingoz aurpegia eman dezaten». «Astero-astero datu, informazio eta gertaera larriak ari dira pilatzen» gogora ekarri ondoren, isilik gelditzea «ez dela onargarria» adierazi zuten. «Lehen mailako erantzukizun politikoa» ageriko dela uste du EH Bilduk.