INFO

Aldaketaren aldeko ilusioaren arrastoen bila

Beñat Zaldua

Kanpaina ez zen duela astebete hasi Nafarroan. Roberto Jimenezek 2014ko otsailean Barcinari buruz botatako «edo badoa edo kanporatuko dugu» hura ezerezean gelditu zen egunean hasi zen. Norbaitek oraindik dudarik bazuen, egun horretan desagertu ziren: aldaketa ez da inoiz etorriko Nafarroara PSNren eskutik. Hori argituta, Podemosen agerpenak hilabete gutxiren barruan haize berriak ekarri eta PSNrik gabeko aldaketa posible dela sinesten hasi ziren nafar eragile nagusiak. Duela urtebete egindako Europako hauteskundeen emaitzek aldaketaren posibilitatea indartu zuten, erregimenaren indarrek eta aldaketaren aldekoek emaitza ia berdinak lortu ostean. Oilo-ipurdia jartzen zuen soilik pentsatzeak aldaketa posible zela, lehenengo aldiz azken bi hamarkadetan UPN gobernutik kanpo gelditu ahal zela, eta, are gehiago, historian lehen aldiz, aldaketa hori PSN-PSOErik gabe eman ahal zela. Beti zeharka begiratu behar diren inkestek aldaketaren posibilitatea indartu dute hilabete hauetan guztietan. Ilusioa guztiz ulergarria zen.

Horrela iritsi gara egun hauetako kanpainara, edo behintzat hala uste zuen lerro hauek idazten dituenak. Batek ez daki etxeko berriak urrunetik segitzearen ajeak diren edo sentsazio orokortua den, baina azken hilabeteetan hainbestetan aipatutako aldaketaren ilusioaren arrastorik ez dut ia topatu orain arte. Marketin politikoan telebista eta sare sozialak jaun eta jabe diren garai honetan kanpaina formatu zaharrek ez dute gehiegi laguntzen, baina ez dut uste arazo larriena hori denik. Ilusioarekin edo ilusiorik gabe, kanpainak beti dira astunak (bi aste mezu berberak errepikatzen), hein handi batean faltsuak (hauteskunde programak Olentzerori idatzitako eskutitzen modukoak izan ohi dira) eta, orokorrean, harri-kartoizkoak (argazkia atera eta berehala beste zereginetara pasatzeko prestatutako ekitaldi antzuak dira nagusi). Era berean, tartean desastrerik ez bada gertatzen, hauteskunde eztabaidek ia ezertarako balio ez dutela ez da inolako nobedadea. Ameriketako Estatu Batuetako politika fikzionatu eta idealizatua Nafarroako politika errealarekin alderatzea ariketa arriskutsua izan arren, “The West Wing of the White House” telesailak erakusten du eztabaida horietan egin daitekeen bakarra espektatibak gainditzea edo zapuztea dela, eta orain arte nafarrok ikusi ahal izan ditugun bi eztabaidetan (Araizen eta Esparzaren artekoa lehenik eta zortzi hautagaien artekoa gero) ez da sorpresarik egon. Bai, Araiz Esparza baino finago ibili zen, baina inork ez du aldatuko bere botoa eztabaida horiek ikusi eta gero.

Laburbilduz, jendea nekatuta eta kanpaina soberan dagoela dirudi zenbaitetan. Azkenengo urtean UPNren ustelkeria eta gehiegikeriak errepikatzea izan da Nafarroako politikan kirol nagusia. Normala eta beharrezkoa. Guztiek jolastu dute, PSNtik EH Bildura, tartean dauden alderdi guztiak barne. Baina behin kanpaina hasita, denak jarraitzen du berdin. CAN, Navarra Arena, Osasuna, zirkuitua eta UPNren gainontzeko aldrebeskeriak dira aldaketaren aldeko argudio nagusiak. Tira, agian ez dira nagusiak, baina bai nagusitzen direnak. Eta gauzak horrela izanik, normala da jendeari dena esanda dagoela iruditzea, jendeak kanpaina azkar pasa dadila nahi izatea, bozkatu eta beste gauza batekin sartzeko.

Esan daiteke, beraz, UPNren kontra jotzearekin ados daudela denak. Baina hortik aurrera? Zeintzuk izan behar dira gobernu berri baten lehentasunak? Argi dago emaitzek baldintzatuko dutela erantzuna, baina ez legoke soberan aldaketaren aldeko indarrek proposamen bateraturen bat edo batzuk egitea, errazagoa baita ilusioa zerbaiten alde sortzea beste zerbaiten kontra eraikitzea baino. Baina jakina, horretarako alderdi bakoitzak bere lehentasunak eta akordioetara iristeko irizpideak argitu beharko lituzke. Laburbilduz, denek azaldu beharko lukete zein pauso egiteko prest dauden datorren astean Nafarroak arnasa hartzeko ezinbestekoak dituen 26 diputatu horiek lortzeko.