INFO

Finalean txisturik badago Athletic eta Bartzelona zigortzeko aukera aztertzen ari dira

Athleticek eta Bartzelonak jokatuko duten Kopako finalean espainiar ereserkiari txistu egiten bazaio bi taldeak zigortzeko aukerak aztertzen ari da Indarkeriaren Aurkako Batzordea.

Athletic eta Bartzelonaren arteko Kopako finala, 2012ko maiatzean jokatu zena. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Indarkeriaren Aurkako Batzordearen bileraren ondotik, Kirol Kontseilu Goreneko presidente Miguel Cardenalek esan du aztertzen ari direla zigorrak ezartzeko aukera Kopako finalean «ordenamendu juridikoaren aurkako gertakariak» jazotzekotan.

Athletici, Bartzelonari eta Futbol Federazioari gutun bana igorriko zaie aurrez aipatutakoa jakinarazteko.

Zaletuek ereserkiari txistu egitekotan, pertsona horiek «erantzukizun indibiduala» izango dutela zehaztu du Cardenalek, eta gaineratu «kirol diziplinaren» eremuan, legeak ematen dituen aukera guztiak aztertuko dituztela partidaren antolatzailearen eta parte hartzen duten taldeen aurka neurriak hartzeko.