INFO
Entrevue
MARC GENTILINI
PARISEKO KONFERENTZIA HUMANITARIOKO PRESIDENTEA

«Bakearen aldeko sugarra berpiztuko dugula espero dut»

Mediku den aldetik, besteak beste, Medikuntza Akademiako ohorezko presidentea da, baita Gurutze Gorrikoa ere. Horrez gain, Chirac Fundazioko Administrazio Kontseiluko kide eta Giza Eskubideen Batzorde Nazionaleko aholkulari ohia da.


Madrilek eta Parisek beren deia entzungo duten fedea du, eta hori ezean, itxaropena.

Zerk bultzatu zaitu Euskal Herriaren Bakearen aldeko Konferentzia Humanitarioan hain aktiboki parte hartzera?

Bi arrazoi ditut nagusiki. Batetik, «bakea» hitza bera liluragarria da. Gaur egun hain urria izaki munduan, bere aldeko ekimen oro bultzatu behar dela uste dut. Bigarren arrazoia maila pertsonalekoa da; Gabriel Mouescari diodan estimua eta adiskidetasuna, alegia. Bide oso gorabeheratsutik irten ostean, Gurutze Gorri frantseseko presidente nintzelarik erakundean engaiatu zenean ezagutu nuen.

Euskal Herrian zein nazioarte mailan hainbat eta hainbat eragilek bake prozesua aitzinarazteko egin dituzten ahaleginak ezagutzen al dituzu?

Bai, entzunak nituen eta pozten naiz, indarkeria alboratu eta bakearen bidean ausardiaz aitzinatzeko hautatu den prozedurarekin.

Nola azalduko zenuke horrenbeste dei, interpelazio eta eskaera egin ostean, Paris eta Madrilgo gobernuek gatazka konponbidean jartzeko oraindik ere mugimendu zehatzik egin ez izana?

Tamalez, gerra egitea, indarkeria baliatzea, beti errazagoa suertatzen da. Bakea aldarrikatzea, gerra baten ostean bakea erdiestea, askotan bide luze eta arriskutsua da, eta batzuetan, porrot egiten dugu. Huts egindako aukerak, konfiantza galduak edota elkarrenganako mesfidantzari eusteak trabak dira, arrazoizko eta gizalegezko irtenbideei ekitea atzeratzen dutenak. Errazagoa da bortizkerian sartzea handik irtetea baino. Erosoagoa da hiltzea barkatzea baino.

Zure ustetan Gobernu frantsesak Madrilgoaren politika jarraitzeari utzi beharko lioke, batez ere euskal presoei dagokienez?

Zure galderak nire eskumenak eta jarduera-eremua gainditzen ditu. Zuri erantzuten ari naizen une berean Espainiako erregea Frantzian da. Nire desio behinena da gai hau François Hollande presidentearekin aipatuko duela.

Maiz estatu-arrazoia mahaigaineratzen da espetxe politikan Madrilek duen ildo beraren aplikazioa justifikatzeko. Zure aburuz, arrazoi baliagarria al da, nahiz eta presoen eta beren senideen eskubideak urratzen diren, beren etxeetatik urruneko espetxeetan edukitzearekin gertatzen den bezala?

Espetxe eremua ondo ezagutzen dut, Justizia ministro batek, 1994ko urtarrilaren 18ko legearen ostean, kartzeletako osasun egoera aztertzeko eskatu baitzidan. Garai hartan nirekin eraman nituen Fleury Mérogiseko espetxera ardura handiko politikariak eta ministro eta senatari ohiak «giltzapeko mundua» deskubritzera. Espetxeak berarekin dakarren «zigor bikoitza» ere ikusi zuten, zigortuengan ez ezik, beraien senideengan ere ondorio jakinak baititu maila psikologikoan, afektiboan, materialean eta maiz distantziak eragindako gastuan ere bai. Zigortuaren familia ez da errudun, baina emazteek, seme-alabek edo bikotekideek latz ordaintzen dituzte ondorio horiek. Berdintasunaren izenean injustizia hori lehenbailehen konpondu beharko litzateke.

 

Gobernu frantsesak daukan jarrerak berak ez al du frogatzen euskal gatazka politikoa deiturikoan parte dela?

Ez naiz ados galdera pausatzen duzun erarekin. Gobernu frantses ezberdinak euskal gatazka politikoan inplikatuak izan dira euskal taldeek berek egindako gauzengatik. Nire ustetan, Gobernua ez dago gatazkaren iturburuan eta, barkatuko didazu esatea (horrek inoren menpeko ez naizela eta denekiko dudan errespetua frogatzen du), baina independentziaren ideiak ez nau erakartzen; are, ez dut gustuko, ezen ni konbentzituta nago guztiok batak bestearen dependentzia dugula eta gure interdependentzia helburu komuna izan beharko litzatekeela, betiere, gizataldean, norbanako bakoitza, kultura bakoitza, ideia bakoitza errespetatuz, jakina. Horrek ekartzen du bakea etxe bakoitzean.

Zer espero duzu Parisen ekainaren 11n egingo den Konferentziatik?

«Sugarra berpiztea». Duintasunez bakea eskatzen dutenek beti lortzen dute, baina bidea luzea da. Gure helburua da helmugarako bitarte hori laburtzea eta kontzientziak astintzea.

Eragileei eta batik bat Gobernu frantsesari egin nahi diezuen deialdia entzungo dutela uste duzu?

Fedea dut eta, hori ezean, esperantza.

Politikari, hautetsi edota gizarteko ordezkariez harago, beste eragile batzuek ere, esaterako, nazioarteko instantzietako ordezkariek, zuen ekimena bultzatu beharko lukete Pariseko Gobernua konponbidean engaiatu dadin?

Jakina. «Justizia zale» guztiak, «bakearen artisau» guztiak mugituz, laster bakea eta maitasuna berreskuratzea lortuko da.