INFO

Israelgo Armadak gazte palestinar bat tiroz hil du Jeningo errefuxiatu-esparruan

Soldadu israeldarrek 21 urteko gazte bat tiroz hil dute Zisjordaniako Jenin hirian dagoen errefuxiatu eremu batean, Maan agentziak jakinarazi duenez. Ezbeharra istilu batzuen ondorioz jazo dela azaldu dute Armada israeldarraren iturriek.

Soldadu israeldar bat, Zisjordanian. (Abbas MOMANI/AFP PHOTO)

Segurtasun iturri palestinarren arabera, Izz al-Din Walid da Armadak hil duen gaztea, 21 urte zituena. Tiroa bularrean jasota zendu dela gaineratu dute iturriek.

Israelgo Armadak, bere aldetik, bertsio ofiziala azaldu dio ‘Yedioth Ahronoth’ egunkariari, esanez gaztearen aurka tiro egin dutela honek etxean egindako leherkari bat jaurti ondoren.