INFO

Sentimenduz betetako festa eta aldarrikapen egun koloretsua

Festa eta aldarrikapen eguna izan zen atzokoa Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Baionan, eta sentimenduz betetako eguna. Goizean goizetik eta eguraldiak lagunduta, milaka eta milaka lagunek erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua lau haizetara zabaldu zuten, eguerdiko oihal kateetan nahiz arratsaldean San Mames, Anoeta eta Iruñeko zezen plazan egin ziren ekitaldietan.

Anoetako ekitaldiaren bukaerak irudi ikusgarri hau utzi zuen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gure Esku Dago dinamikak egunaren amaieran laburbildu zuenez, sentimenduz betetako eguna izan zen atzokoa eta bost hiriburuak «oihalez, borondatez eta konpromisoz» bete ziren, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak batuta.

Izan ere, udako eguraldiak lagunduta, milaka eta milaka lagunek hartu zituzten eguerdian Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baiona, hiri horietako zubiak oihal kate koloretsuekin lotuz. Aurretik mimoz jositako oihalak, aldarrikapenez beteak. Arratsaldean, 60.000 lagun inguru Anoeta, San Mames eta Iruñeko zezen plazako ekitaldietara joan ziren.

Milaka herritar anonimoren artean, euskal gizartean aurpegi ezagun ugari ere ikusi ziren atzo: politikariak (EH Bildu, EAJ, PSEko Gemma Zabaleta, Baionako auzapez zentrista...), sindikalistak, idazleak, bertsolariak, telebista aurkezleak, abeslariak, kirolariak...

Gure Esku Dago dinamikak egunaren amaieran aitortu zuenez, pozik eta hunkituta zeuden adin eta ideologia guztietako euskal herritarrek emandako erantzunarekin. San Mamesen, Anoetan eta zezen plazan hutsik geratu ziren aulkiei dagokienez, horiek betetzea beste erronka bat dela nabarmendu zuen. «Aulki huts horiek oraindik batu ez ditugun herritarrei egiten diegun eskaintza dira. Umiltasunez, determinazioz eta borondatez. Sinesten dugulako badagoela oraindik herri honetan aulki horien jaberik», nabarmendu zuen.