Bagoazek gutuna igorri dio Justizia ministroari, urgentziaz presoen gaiari hel diezaion eskatuz
Bagoazek gutuna igorri dio Christiane Taubira Justizia Ministro frantsesari, presoen auziari hel diezaion eskatuz. Aldi berean, berrikitan Parisen burututako Bake Konferentzia Humanitarioa «biziki baikortzat» jo du bere baitan 24 eragile biltzen dituen Bagoaz kolektiboak.
Baionan goizean egindako agerraldian, Bagoaz kolektiboak Pariseko Bake Konferentziaren bilana egin du. Emilie Martin eta Claude Larrieuk «oso positibotzat» jo dute ekimena, bai lehen aldiz Euskal Herriko bake-prozesua estatuko hiribururaino eraman delako, bai bertan izandako «parte-hartzaileen aniztasunagatik». Preso eta iheslarien eskubideen alde diharduen mugimendua izaki, garrantzi berezia eman diote haien egoera azaldu izanari eta berau hobetzeko egin daitezkeen urratsak nabarmendu direlako.
Hain zuzen ere, xede horrekin gutun luze bat igorri diote Christiane Taubira Justizia ministroari. Bertan, Euskal Herrian duela hiru urte eta erdiz geroztik bakearen aldeko ahalegina azaldu eta presoen inguruan Parisek egin ditzakeen urratsak, –batik bat, larriki gaixo diren presoen, urrunketaren eta baldintzapeko askatasunen harira– egiteko eskatu diote.
Irailean presoen giza-eskubideen urraketaz kontzientziazioa bultzatzeko atelier herritarra egingo dutela ere iragarri dute.